Andy Pankok 250 partida beteko ditu igandean ACB Ligan
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek partida gogorra du igandean, 12:30ean, Alicanten. Lucentumen aurka jokatuko dute donostiarrek; play-offetarako sailkatzeko aurkari zuzen baten kontra, hain justu. Partida berezia izango da Andy Panko hegal-pibotarentzat, estatubatuarrak 250 partida beteko baititu asteburuan ACB Ligan.
Sasoi betean dago Panko. Aurtengo denboraldian, puntu gehien lortu dituen jokalaria da orain arte eta bigarrena, balorazioan. Azken alor honetan, Ligako jokalaria izendatu zuten 15. jardunaldian, Bizkaia Bilbao Basketen aurkako derbian bikaina aritu eta gero -ikus bideoa-. Hain zuzen ere, balorazioari dagokionez, igandean aurkari izango duen Kaloyan Ivanov bakarrik du aurretik sailkapenean.
249 partidatan, Pankok 3.473 puntu, 1.344 errebote, 349 asistentzia eta 196 lapurreta batu ditu. 34 urte izan arren, Harrisburg-ekoa inoiz baino hobeto ari da jokatzen. Taldeko liderra da, zalantzarik gabe.