Asteartean bilera irekia egingo dute Aste Nagusiko jai egitaraua osatu eta ekarpenak jasotzeko
Datorren asteartean, hilaren 20an, bilera irekia egingo da Aste Nagusiko jaien egitarau ofizialari begira elkarteen ekarpenak jasotzeko. Bilera Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan (sarrera San Jeronimo kaletik) egingo da, arratsaldeko 19:00etan. “Espero dugu egitarau ofiziala denen artean osatu ahal izatea eta, hortaz, jaiei ikuspuntu partehartzaileago batetik begiratu ahal izatea. Planteatzen diren ekintza guzti-guztiak entzungo ditugu eta denon artean ezarriko diren lehentasunen arabera joango gara horiek egitarau ofizialean txertatzen”, azaldu du Nerea Txapartegi Kultura delegatuak.
Proposamenak Donostiako elkarte batek aurkeztuak izan behar dira, eta beraiek aurrera eramateko prest izan beharko dute. Hizkuntzaren normalkuntza bermatu beharko dute ere proposamenek, euskararen erabilera lehenetsiz, eta genero berdintasuna ere bermatu beharko dute, emakumezkoen partehartzea bultzatuz. Aintzat hartuko da ere ekimenek partaidetza sustatzea, bai ekintzaren jardueran beran, eta bai planteamenduan zein antolakuntzan. Elkarteek egiten dituzten proposamenak guztien artean eztabaidatuko dira, lehentasunak denen artean ezarriko direlarik.
Bileran parte hartu nahi duten elkarteek aldez aurretik jakinarazi behar dute 943 481168 telefonora deituz edo posta elektronikoz honako helbide honetara idatziz: donostiakofestak@donostia.org