Dena prest, Euskaraz Bizi Eguna ospatzeko
Bihar manifestazioa egingo dute 18:30ean, ‘Euskalduna naiz eta harro nago!’ lelopean
Egitarau oparoa prestatu du Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduak. Festa eta aldarria, biak uztartuko dira Donostian, bihar, Euskaraz Bizi egunean. Euskaltzale andana biltzea espero du EHEk Bulebarretik 18:30ean irtengo den kalejira koloretsuan. “Harrokeriarik gabe, baina euskaldunak garela eta euskaraz bizi nahi dugula harro adierazteko eguna” izango da. Euskal Herria euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan nahi du Euskaraz Bizi Egunak”, adierazi dute antolatzaileek .
Hirugarren Euskaraz Bizi Eguna izango da aurtengoa. Historia, baina, luzeagoa du EHEren festak. Hizkuntza Eskubideen Eguna bezala hasi zen egun hau, eta 2010era arte ez zuen izena aldatu. Etxarri-Aranatzen egin zen lehenbiziko Euskaraz Bizi Eguna, eragile euskaltzalearen 30. urteurrenarekin batera. Etorkizunera begira EHEk egin zituen planteamenduetarako mugarri izan zen ekimen berria. Egun honekin norbanakoengandik hasita, eta komunitatea inplikatuz, euskaraz bizitzearen aldeko apustua indartu nahi izan du EHEk.
Biharko jaiak 2.700 atxikimendu baino gehiago jaso ditu, eta euskaltzaleak sortzaile bilakatu dira berriro ere; Donostiako hitzordua iragartzeko, kasu honetan. Zarauzko Euskal Herrian Euskarazeko kideek, esaterako, bideo bat osatu dute; albistearekin batera zintzilikatuta dagoena, hain justu.