Euskadi Ikerketa Saria irabazi du Ibon Sarasola euskaltzainak
‘Orotariko Euskal Hiztegia’ zuzentzen egindako lana baloratu dute, eta 40.000 euro jasoko ditu horregatik
Ibon Sarasolak (Donostia, 1946) irabazi du 2011ko Euskadi Ikerketa Saria, eta ondorioz, 40.000 euroko saria jasoko du. Hizkuntzalari, idazle eta euskaltzain donostiarraren «zintzotasun zientifikoa» txalotu du epaimahaiak, eta euskararen alde egin duen lanaren garrantzia nabarmendu du.
Sarasolak Orotariko Euskal Hiztegia zuzentzen egindako lana izan du kontuan epaimahaiak. Koldo Mitxelenarekin aritu zen lanean 1980ko hamarkadan, eta hark aukeratu zuen Sarasola, Orotariko Euskal Hiztegia zuzentzeko (1987-2005, Euskaltzaindia). Euskal filologiako ikasketetan erreferentziazkoa da lan hori, eta hori saritu nahi izan du epaimahaiak: «Gauza gutxi egin daiteke euskal ikasketetan hark sortutako materialetara jo gabe». Zehazki hiztegia ere zuzendu du (2005, Alberdania), eta Egungo Euskararen Hiztegia zuzentzen ari da 2008tik. Poesia, nobela eta saiakera lan ugari ere kaleratu ditu Sarasolak; besteak beste, Euskara batuaren ajeak (1997, Elkar) eta Gerraondoko euskal poesiaren antologia. 1945-1964 (1973, Lur).