Udazkeneko uztarako prestatzen

Fakultateetako ikasketa planen azalpenak entzun eta gero, batxilergo ikasleek campuseko belardiak gozatzeko aukera izan zuten. (Argazkia: Mikel Goñi)
Lasaiago zegoen atzo Belen Anabitarte, EHUko orientazio teknikaria. Izan ere, bisitetan lan askorik egin behar ez baitzuen izan. «Aurretiko lana da gurea, koordinazioa egitea. Gaur –atzo– fakultateetako irakasleen txanda da». Unibertsitateko langileak esaten duenaren arabera, garrantzitsua da egun hau batxilergo ikasleentzat. «Modu honetan zehazkiago ikusten dute unibertsitate ikasketak zertan diren».
Bisitaldia egiteko unerako, ordea, ikasle gehienek badakite zein ikastegitan hasiko diren hurrengo ikasturtean. Anoetako Evelyn Garciak, esaterako, nahiko argi zeukan irailean Eskola Politeknikoan gradua egiten hasi nahi zuela. Asmoak berresteko balio izan zion bisitak: «Eraikinak espero nuena gainditu du, ederra da. Ikasketak, berriz, zail xamarrak ematen dute, baina ziur naiz gustura ibiliko naizela». Azpiegituren inguruko iritzia sakontzeko zera erantzun zuen: «Tailerrak gustatu zaizkit batez ere, batxilergoaren teoria aspergarria albo batera utzi, eta zerbait praktikoagoan arituko naizela uste dut».
Euskara eta hiria Axel Garcia andoaindarra ere bisitari izan zuten Ibaetako hainbat fakultatek. Berari ere Eskola Politeknikoa gustatu zitzaion: «Berri-berria dago, eta hori nabaritzen da».
Andoaingoa pozik zegoen ikusitakoarekin eta are kontentuago entzundakoarekin: «Gradu osoa euskaraz egin daitekeela esan didate, eta, gainera, Erasmus programan parte hartzeko aukera asko dago». Izan ere, gazte askorentzat, unibertsitate garaian, gurasoen etxetik kanpo bizitzea oso erakargarria baita. Haritz Aspiazu eta Unai Intxausti gernikarrak dira, eta zein ikasketa egingo dituzten argi ez daukaten arren, Donostian izango dela jakin badakite. «Bai, astean zehar hemen geldituko gara», zehaztu zuen Aspiazuk.
June Agirre bilbotarra Psikologia fakultatearen atzeko aldeko belardietan etzana zegoen atzo. Ikasturtea hasteko desiratzen dago; izan ere, Donostia «ikaragarri» gustatzen baitzaio. «Lagunak ditut hemen ikasten, institutuko klase kideak; beraiek iaz hasi zuten, ni aurten sartuko naiz beraien pisuan, eta… parranda!».
Bisiten arduradunek diotenez, atzoko gazte gehienek Donostiara iritsi orduko egina zuten ikasketen hautua; baina, ikasketa planengatik, edota azpiegituren egokitasunagatik baten bat konbentzituko zuten. Hala ere, dirudienez, bisita ofizialean sartzen ez diren belardiek eta parrandak badute bere zeresana.