Xabier Alvarez Eulate artista frantziskotarra hil da
Xabier Alvarez Eulate (Donostia, 1919) artista eta praile frantziskotarra zendu da gaur. Arantzazuko beirategiak egin zituen. Txillida, Basterretxea eta Oteizarekin lan egin zuen, besteak beste. Loiolako San Ignazio elizan bere obra batzuk daude. Baita Oñatin eta Bergaran ere. Bere erakusketa antologikoa egin zuten, Kutxa Boulevard aretoan, joan den urte bukaeran. Alvarez Eulateren 72 artelanek osatu zuten erakusketa, horien artean 69 margolanak eta beste hiru, eskulturak.
Sortzaile donostiarrak oso gaztea zela ekin zion artegintzari eta Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Eskolan jaso zuen bere lehen prestakuntza plastikoa. Orduko hartan, harreman zuzena egin zuen Arantzazuko artista taldearekin; eta, bereziki, Jorge Oteiza lagun ona egin zuen. Hala, Orioko artistaren Ciudad Lineal auzoko tailerrean izaten zen maiz. Bi urtez San Fernandon ikasi ostean, eskola utzi eta autodidakta izateari ekin zion.
Oteiza beti maisutzat jo izan zuen Alvarez Eulatek, baina bere lanean hainbat artisten eragina nabari daiteke: Jesus Basionarena, Ignacio Zuloaga edota Valentin Zubiaurre. 1950ean, bere lan handiena ez
bada, aipagarrienen artean behintzat badagoena sortzeko enkargua jaso zuen: Oñatiko Arantzazuko Santutegiko Basilikako beirateak. Obra bukatuta ere, 1969 arte ez zuten eraiki, ez baitzen agintari frantziskotarren gustukoa.
Alvarez Eulate, hain zuzen ere, fraide frantzizkotarra zen. Artistak kartoietan egin zituen beirateen modeloak. Hormigoi zeharargitsuaren teknika erabili zuen. Modelo horiek Frantziara bidali zituzten, Metzera, eta bertan sortu zituzten. Zehazki, forma biribileko zortzi beiratek osatzen dute obra, eta zeharkako nabeko goialdean daude kokaturik, modu simetrikoan. Hainbat adituren laguntza jaso
zuen lana egiteko: Laorga eta Saenz Oiza arkitektuak, eta Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea
eta Lucio Muñoz artistak, besteak beste.
Orduz geroztik, figurazioa eta abstrakzioa lantzeari ekin zion eta ikertzeko eta teknika berriak
probatzeko gaitasun handia duela erakutsi izan zuen beti. Bere lanetan, sentsibilitate handia
erakutsi zuen koloreetan eta azalen egitura espresiboan. Gainera, donostiarrak agerian utzi zuen bere mundu espirituala eta poetikoa, eta geometriarekiko zuen interesa.
Arantzazuko basilikako beirateez gain, Donostiako San Inazio elizan eta Bergarako Madalena ermitan dauden horma-irudiak bereak dira.