Iñaki Gonzalez: "Esku artean dudan dirua bizitzeko behar dudana da"
Iñaki Gonzalez – Kaleratze arriskuan dagoen amaratarra
Kutxarekin zuen hipoteka ordaintzeko gai ez zelako lokal bat galdu zuen Gonzalezek. Orain kale gorrian gera daiteke, etxea ere kenduta.
Iñaki Gonzalez (Amara, 1944) 12 urterekin hasi zen lanean eta ia mende erdiz jardun du iturgin gisa. 2004an erretiroa hartu zuen meniskoetan zituen arazoengatik eta entzumena galtzen ari delako. Seme-alabei etorkizunean zerbait uzteko asmoz, orain lau urte lokal bat erosi zuen etxebizitza bilakatzeko. Asmo ona, ordea, amesgaizto bilakatu zen; eta bere ondasunak galtzeko zorian da.
Zein da zure egungo egoeraren sorburua?
Lokal bat erosi nuen Herreran, seme-alabentzat apartamentu pare bat egiteko. Kutxak %75eko hipoteka eman zidan, eta gainontzekoa, nire aurrezkiekin osatu nuen. Lehen bi urteetan interesak baino ez nituen ordaindu behar, eta horri aurre egiteko gai nintzen. Lanen erdia egina nuela, diru gabe gelditu nintzen. Kutxari 20.000 euro gehiago eskatu nizkion, eta orduko zorra kitatuz gero, lagunduko zidatela esan zidaten. Koinatuari dirua eskatu, eta orduko zorra kitatu nuen. Hala ere, mailegua ukatu zidaten. Handik eta hemendik dirua biltzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Hilabeteak aurrera egin eta, interesekin batera, mailegua amortizatzen hasi behar nuen.
Zuretzako ezinezkoa zen hori ordaintzea…
417 euroko pentsioa jasotzen badut, nola ordainduko ditut 700 euro! Lokala amaituz gero, 600 euroko alokairua ordaintzeko prest zegoen neska bat topatu nuen. Dirua zuzenean beraiei ematea proposatu nien, baina burugogor jarri ziren. Zuloa handitzen ez jarraitzeko, lokala eman nien. Onean konpondu nahi izan nuen, giltzak eman eta bakean gelditzeko. Orain 20 bat egun etorri ziren agiria egitera. Sarrailagileak sarraila aldatu eta ahaldunak joateko esan zidan. Gaur arte.
Zein izan da Kutxaren jarrera?
Nagusikeria, harrokeria, edukazio txarra… Borondate falta izugarria izan dute. Jende ona topatu dut, baina azkenekoak berekoiak eta eskrupulurik gabeko sarraskijalek izan dira. Egiako bulegoaren buru den Iñigo izeneko bat, bereziki. Ondo zabiltzan bitartean dena ondo doa, baina errenka hasten zarenean, atzetik joan eta zapaltzen zaituzte. Jubilatuentzako urrezko txartela ere badut. Hortik 10.000 euroko mailegua nuen, eta hilean 125 euro ordaindu behar ditut. Hori ordaintzeari utzi diot, esku artean dudan dirua bizitzeko behar dudana da. Jasotako azken ordainagiriaren arabera, zor ditudan 900 euroak ordaindu ezean, 83 euroko komisioa kobratuko didate.
Irtenbidea aurkitzeko borondatea izan duzu uneoro?
Borondate ona erakutsi dut beti, arazorik ez dut nahi. Dirurik izateko aukera banu, Kutxara joango nintzateke hau konpontzen saiatzera. Lasaitasuna izateko jubilatu nintzen, eta ordu gaiztoan sartu nintzen honetan. Amortizazioa urte gehiagoz luzatzea proposatu diet, zorra ni hiltzean seme-alabek ordaintzea, alokairuaren dirua beraiek jasotzea…
Lokala Kutxak du, eta orain zure etxebizitza bahitu nahi dute, ezta?
Kutxak hipotekaren 12.000 euroak eta interesen nahiz abokatu gastuen ia 23.000 euroak eskatzen dizkit. Dirurik ez dut. Joan den astean, Stopdesahucioseko kideek Kutxaren oharra jaso dute bahikuntzarako nire kontu korronteen eta ondasunen zerrenda eskatuz. Ezer ez dut. Apartamentu egindako lokal bat erdibana nire bikotekidearekin, eta Euskadiko Kutxaren 36.000 euroko hipoteka. Herrerako lokalari Kutxak 113.000 euroko prezioa finkatu zion, eta 80.000 euroko mailegua egin zidan. Orain, ordea, 68.000 eurotan jarriko du enkantean. Salduz gero, nire zorra gainditu eta irabaziak izango lituzkete. Lokala emanda zorra kitatu beharko lukete, betiere, irabaziak badituzte. Ez dira horrekin konformatu eta bahikuntzarekin birrindu nahi naute.
Etxeaz gain, pentsioa ere kenduko dizuten beldur zara, ezta?
Bai, 417 euro horiek bahitzeko mehatxua ere egin didate, baina hori ez da egingarria, lanbide arteko gutxieneko errentara heldu ezean ezin baita ukitu. Diru horrekin bi hipoteka ordaintzen ari naiz: bata, 125 eurokoa; eta bestea, 100 eurokoa. Horrez gain, argindarraren 50 euroak. Bizitzeko 125 euro gelditzen zaizkit.
Etorkizunaren beldur al zara?
Oraindik ez didate ezer jakinarazi. Bahikuntza egiteko gogoz badatoz, kalean gorrian geldituko naiz. Errekurtsoa aurkezteko hilaren 21a arte dut, gero horrek bere bidea egingo du. Bahikuntza noraino iritsiko den jakinarazi arte etorkizuna ez dut batere argi ikusten. Dudan ondasun bakarra nire bizitokia da. Nirea, bikotekidearena eta Kutxarena da. Gu kalean geldituko gara, baina kobratuko duten bakarrak Euskadiko Kutxakoak izango dira.
Stopdesahucios plataformako kidea zara. Zertan laguntzen zaituzte?
Denbora gutxi da plataformako kide naizela; estualdian egon naizen arte ez dut beraiengana jo. Beharra dudan honetan hauek dira laguntza eman didaten bakarrak. Abokatu kontuetan laguntzen didate, epaitegietara joaten dira… Ni galduko nintzateke. Gainera, abokatu gastuetan aritzeko aukerarik ez dut.
Gero eta jende gehiago dago egoera honetan. Gizartearen presioak gauzak aldatzeko balio al dezake?
Konponbiderik ez dut ikusten, zartagina heldulekutik duena beraiekin dagoelako. Denok elkartu beharko genuke, egoera honetan gaudenak eta gainontzekoak ere. Dirua Kutxatik atera eta beste bankuetara aldatu behar dugu, Gu birrintzen ari direnez, kalte pixka bat egiten saiatzeko.
Egoera honetan nola sentitzen zara?
Ezintasuna eta frustrazioa sentitzen ditut. Izugarria da. Pasatzen ari zait apur bat, baina sumina eta letxe txar asko dut. Horregatik plataforman sartu naiz egoera berean edo okerrago daudenei esku bat emateko. Batzuek lokala kendu eta kalean gelditzen dira, nik oraindik nire etxea dut.
Eskua bota diezazukeen inor ez da?
Seme-alabak laguntzen ari zaizkit. Kotxeko asegurua alabak ordaindu dit, matxura txiki bat zuen eta hori konpontzeko dirua koinatak utzi dit. Semeetako batek bere soldataren diru apur bat ematen dit. Egunerokoak lagun nazakete, baina hiruek hipoteka bana dute. Buruhausteak izan ditut beraiei laguntzeko, egiten ari nintzen hau ere beraientzat zen, baina horren gaizki atera da… Ez ditut gehiago kaltetu nahi. Ahal dudanean lantxoren bat egiten dut, diru pixka bat lortzeko. Ez diot ezeri uko egiten. Lanpetuta, gainera, ez diot buruari eragiten.