10.849 donostiar lanik gabe daude
Langabeziaren gorazko joera bere horretan mantendu da azken hilabetean. Otsailean 221 langabe berri zenbatu dituzte hirian.
Espainiako Lan Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, otsaila 10. 849 langaberekin amaitu zen Donostian. Hau da, urteko bigarren hilabetean 221 donostiarrek galdu dute beraien lanpostua.
Altzan da langabe gehien dituen auzoa, eta bertan besteetan baino gehiago hazi da kopurua. Guztira, 1.738 dira, urtarrilean baino 44 gehiago. Jarraian, igoera handiena izan dutenen artean, Miramon-Aiete. Urtarrilean baino 39 auzotar gehiago daude lanik gabe, eta jada, 790 dira. Aipagarria ere Groseko igoera. 31 langabe berri daude auzoan, kopurua 796ra helduz. Kontrako joera izan da, ordea, Erdialdea-Amara Zaharra , Intxaurrondo eta Amara Berri auzoetan. Hauetan behera egin du langabe kopuruak. Hurrenez hurren, auzootako 10, 4 eta 2 lagunek aurkitu baitute lana. Bidebietan, berriz, kopurua bere horretan mantendu da, ez gora, ez behera.
Bihar, papereko edizioan hiriko langabeziaren datuei buruzko informazio zabalagoa emango du IRUTXULOKO HITZAk.