Kutxak Fototekako milioi erdi irudi eskuragarri jarri ditu Internet bidez
Digitalizatutako argazkiak, nagusiki, Foto Marin eta Foto Car argazki etxeen fondoetako irudiak dira.
Kutxa Fototekako 500.000 irudi baino gehiago eskuragarri jarri ditu Kutxak, Kutxateka.com webgunean. Orain arte, Gipuzkoako argazki zaharrak herritarren erabilera pribaturako eskuragarri zeuden, baina aurrerantzean, erabilera publikoa ere ahalbidetuko dute.
Bildumako irudiak Foto Marin (Pascual Marin eta Paco Marin), eta Foto Car (Ricardo eta Vicente Martin) argazki etxeen fondoetakoak dira; eta 1915-1972 urteen arteko epeari dagozkio. Kutxak fondoak erosi eta ondoren digitalizatu egin zituen. Hauei beste fondo batzuetako argazkiak gehitu dizkiete, eta digitalizatzeko prozesua aurrera doan heinean, batzen joango dira. Honekin milioi bat argazkira iristea espero da, hori baita Fototekaren argazki-kopuru osoa.
Material horrek, XIX. mendetik abiatuta. argazkigintzaren historiaren ikuspegi zabala eskaintzen du. Horren adibide da Kubo aretoan ikusgai dagoen Phocus erakusketa. Izan ere, Fototekako irudi sorta batekin osatu baitute.
Erabilera publikorako argazkien eskaerak www.kutxateka.com atarian egin beharko dira. Bereizmen handiko . tik formatuan salduko dira, irudi bakoitza, 10 euroko prezioan.