Eraikin hutsen erroldan egiaztatu gabeko etxeak daudela jakinarazi dute
Kepasakonlakasa elkarteak Easo kaleko 37. atariko lehen pisuarekin sortutako nahasmena argitu du
Kepasakonlakasa elkarteak hirian hutsik dauden etxebizitzen zerrenda osatu du, eta Irutxuloko Hitzak errolda horren berri eman zuen joan den osteguneko Itzurun gehigarrian. Zerrendan Easo kaleko 37. atariko lehen pisua agertzen da, baina, bertako jabeak etxe hori hutsik ez dagoela egunkari honi berretsi eta gero –ikus ostiraleko edizioa–, elkarteak ez du Donostiako etxebizitza hori kontutan hartuko aurrerantzean.
Nahasmena argitzeko, Kepasakonlakasak azaldu du egiaztatu gabeko etxeak daudela erroldan. «Gure erroldak bi zati ditu, eta bigarren atalak ‘egiaztatu gabeko edo interes gabeko kasu bereziak’ izena du. Easo kaleko 37. atariko lehen pisua bigarren atal horretan dago. Hau da, ez dugu esaten hutsik dagoela; kontutan hartu dugu egiazta dezaten, besterik ez. Udalaren ardura litzateke egiaztatzea, elkarteak hamar etxebizitza baino gehiagoko eraikinen jarraipena egiten baitu soilik».
Nahasmenaren jatorria non dagoen ere esplikatu du Kepasakonlakasak: «IRUTXULOKO HITZAk bi atalak batu ditu erroldan, bereizi gabe. Horregatik sortzen da nahasmena».
Kepasakonlakasak udal taldeei igorri die etxe hutsen errolda, etxebizitzen arazoari konponbidea eman diezaioten. Ekimen horren berri eman zuen ostegunean Itzurunek. «Errolda alderdi guztiei bidali diegu, eta bi urte baino gehiago erabili gabe daramaten hamabost kasu larrienak apirilaren 15a baino lehen ebaztera deitzen dugu», esan du elkarteak.
