Urumearen ur maila neurtzeko tresna jarri dute
Erabakiak «azkartasun osoz» hartzeko bidea emango duela adierazi du Nekane Burutaran zinegotziak
Azaroko uholdeek txikizio handia eragin zuten. Halakorik berriz ez gertatzeko hirigintza lan handiak egingo dituzten arren, horiek burutuko zain egon beharrean, gertaerok ekiditeko neurria hartu dute. Urumeak gainezka egingo duela ohartarazteko, ur maila neurtzeko tresna jarri dute Martuteneko Pilar auzunearen parean dagoen zubian. Ura zein mailan eta zein abiaduran doan adierazten duen tresna da eta erabakiak «azkartasun osoz» hartzeko bidea emango duela azpimarratu du Nekane Burutaran Babes Zibileko zinegotziak.
Datuak unean bertan ezagutzeko aukera izango dute udal arduradunek, tresnak bildu ahala igorriko dituelako udal informatika sarera. Udaltzainen eta suhiltzaileen informazio zentraletara helduko dira datuak baita udal teknikarien eskuko ordenagailuetara ere.
Pilar auzuneko zubian ultrasoinuen radar bat eta zunda bat jarri dute urpean. Horien bitartez urak une horretan duen tenperatura eta abiadura zein haizearen norabidea ezagutzeko aukera dute. Ura zein garaiera duen ikusteko, zubiaren zutabeetako batean neurketa erregela moduko bat jarri dute.
Datu horiek, gainera, Igeldoko meteorologia behatokian bildutakoekin alderatuko dituzte, informaziorik osatuena izateko. Oinarri horrekin Babes Zibileko arduradunak dagokion larrialdi plana (horia, laranja ala gorria) abian jartzeko moduan egongo dira.


