Europako Snowboard Kopa irabazi du Lucas Egibarrek
Igeldoko gazteak 18 urte bete berri ditu, eta absolutu mailako snowboardcross garailea da dagoeneko
Ongi baino hobeto hasi zuen Europako Snowboard Kopa Lucas Egibarrek (Igeldo, 1994); bukaera, ordea, oraindik hobea izan du, txapelduna izan baita. Zehazki, maila absolutuan, snowboardcrosseko garailea izan da. Lehen jardunaldietan, Kopako bi proba jarraian irabaztea lortu zuen, otsailan, Norvegiako Kongsberg estazioan. Hori dagoeneko albiste handia zen, izan ere, Espainiako taldeko kidea da Egibar, eta aurretik sekula ez zuen bertako taldekide batek halako lorpenik egin. Kopako azken jardunaldiak, berriz, Suitzako Lenkeko estazioan jokatu zituzten, aurreko astean, eta lehia bukatzeko egun bat falta zenean, dagoeneko bigarren sailkatuari ateratako aldeari esker, bazekien txapelduna izango zela.
Kopa abiatu zenean, 17 urte zituen Egibarrek; garaipen handia, ordea, 18 urteak bete berri dituela eskuratu zuen. Hala, bere kirol ibilbideko lorpen garrantzitsuena bete du. Garaipenak duen garrantziari, Egibarren lesioa gehitu behar zaio. Izan ere, azken asteetan eskuin eskumuturrean igeltsua eraman du. Lesioarekin irabazi zuen Europako Kopa, lehia egun baten faltan; hala, azken egunean, entrenatzaileek ez parte hartzeko agindu zioten, indarrak gordetzeko.
Momentuz, denboraldian jokatutako lehia guztiak batuta, 2.895 puntu ditu Egibarrek. Bigarren sailkatua, berriz, Martin Noerl alemaniarra da, 1.798 punturekin; eta hirugarrena, Omar Visitin italiarra da, 1.700 punturekin. «Egia esan, denboraldi hasieran nire helburua Europako lehenengo bost sailkatuen artean geratzea zen. Hala ere, denboraldiaren erdialdean gehiago egin nezakeela ikusi nuen», adierazi berri du Egibarrek.
Mundukoa eta Olinpiar Jokoak
Orain, aurrera begira, beste helburu bati heldu nahi dio Egibarrek; Munduko Snowboard Txapelketa irabaztea. Ostegun honetan bertan ekingo diote txapelketari, Andaluziako (Espainia) Sierra Nevada estazioan, eta larunbatean bukatuko da. «Pozik nago eta orain Munduko Txapelketan jarri nahi du arreta. Badakit irabaztea ez dela erraza izango, Munduko Kopan parte hartu duten bost lagun egongo baitira gutxienez, hala ere, saiatuko naiz», dio gazteak.
Datorren denboraldirako, oraindik ere helburu sendoago bati helduko dio Igeldokoak; Sochiko Neguko Olinpiar Jokoetarako sailkatu nahi baitu. «Kontua sailkapen nagusian postu ona lortzea da. Munduko Kopako lehenengo 30ek lortuko dute txartela, eta lor dezakedala uste dut, lehen aldiz parte hartu nuenean 21. postuan geratu nintzen», gehitu du.



