Ekainaren erdialdean hasiko dira Anoetako Paco Yoldi kiroldegia eraberritzen
Lanek hiru hilabete iraungo dute eta milioi bat euroko aurrekontua bideratuko du Kirol Patronatuak
Anoetako Paco Yoldi kiroldegiak hogei urte beteko ditu aurten. Egunero 1.200 lagun baino gehiago sartzen dira igerilekura, gimnasiora ala kirol pistetara kirola egitera. Berritzeko duen premia «handia» dela esan du Josu Ruiz Kirol zinegotziak. Kirol Patronatuak, bada, zaharkitutako azpiegitura eraberritzeko lanak abiaraziko ditu ekainaren erdialdean. Hiru hilabetetan kiroldegia berrituta eta txukun egotea espero dute, urrian hasiko diren Kirol Ekintzetarako dena prest izatea nahi baitute. Denera, milioi bat euroko inbertsioa egingo dute.
Instalazioak egungo beharretara egokitzea izango da Kirol Patronatuaren erronka nagusia, duela hogei urte, proiektua diseinatu zutenean, ezarri zituzten premiak eta oraingoak bestelakoak direlako. Lehenik eta behin, hezetasunak eragiten dituen kalteak gutxitzeko, aldagelak girotzeko arazoei egingo diete aurre. Leire Landa Kirol Patronatuko zuzendariak azaldu duenez, hezetasunak eta etengabeko erabilerak korridoreetako kutxa gehienak kaltetu ditu. Hondatutako 300 armairutxo aldatuko dituzte.
2003an legionelari aurre egiteko araudia jarri zen indarrean. Araudia betetzeko asmoz, hodi eta iturri guztiak aldatuko dituzte. Era berean, mugitzeko arazoak dituzten herritarrei trabarik txikiena sortze aldera, aldageletara joateko korridoreak zabalduko dituzte. Gimnasioetako aldageletan, gainera, zenbait unetan jendea ezin kabiturik ibiltzen da. Aldagela horiek ere handituko dituzte.
Bestalde, igerilekuko dutxak eta aldagelak bateratzeko asmoa dute. Batetik bestera joateko kutxak dauden korridoretik pasa behar dute erabiltzaileek egun. Eragozpenik txikiena eragiteko, dutxak nahiz aldagelak bateratuko dituzte.