Bukowskik Ze premikin! izeneko jai handia egingo du Gazteszenan
Musika klubean egiten dutena zabaltzeko, zazpi rock talde elkartuko dituzte, baita bi dj ere, apirilaren 4an
Egiako Bukowski tabernako arduradunek, Le Bukowski SoundMachinek, jaialdi bat antolatzea erabaki dute hiriaren erdigunean: Ze premikin! (Exile on Jareño St.). Apirilaren 4an izango da jaia, Gazteszenan, eta honako taldeek eta dj-ek osatuko dute egitaraua: Sex Museum, Capsula, Luger, Nuevo Catecismo Catolico, Surfin Kaos, Jupiter Jon, dj Budin eta dj Makala. «Bukowskin egiten duguna kanpora atera nahi izan dugu, ordutegi zabalagoa duen leku handiago batera», azaldu du Bukowskiko Josu Urbietak. Azken batean, donostiarrei eta ingurukoei Bukowskin egiten dutena erakutsi nahi diete, baina jaialdi handi batekin eta tabernatik metro gutxitara:«Premiarik gabe egindako zerbait da. Kapritxo bat», gehitu du Urbietak.
Kontuak hala, musika klubaren hiru hamarraldietan igarotako taldeen aukeraketa bat egin dute euren jairako. Batzuk bertakoak dira, Surfin Kaos edo Nuevo Catecismo Catolico donostiarrak kasu, eta beste batzuk, berriz, Estatu mailakoak, Capsularen kasuan.
Urria eta maiatza artean antolatzen dituzte kontzertuak Bukowskin, eta ekainera arte beste emanaldiren bat izango duten arren, era batera denboraldia ixteko balioko du Gazteszenako jaiak. Gainera, Ze premikin! datozen urteetan ere antolatzen jarraitzeko asmoa dutela aurreratu dute.
Sarrerak, merke
Talde guztiak egun berean jotzeko batzea ez dela lan erraza izan onartu du Urbietak. Hala ere, antolaketan daramatzaten urteei esker, taldeekin oso harreman ona dutela aipatu du, eta ilusio handiarekin arituko direla. Gainera, lotutako taldeek badute euren maila. Hala ere, sarrerak merke jarri nahi izan dituzte, aretoa betetzeko helburuarekin. Hala, sarrerek zortzi euroko prezioa dute, eta dagoeneko Kutxasarrerak.com webgunean eskuratu daitezke. Sarreraren bat soberan geratu ezkero, jaialdiaren egunean bertan jarriko dituzte salgai, Gazteszenako leihatilan.
Jaialdia
- Zer. Le Bukowski SoundMachinek antolatutako Ze premikin! musika jaialdia.
- Taldeak. Sex Museum, Capsula, Luger, Nuevo Catocismo Catolico, Surfin Kaos, Jupiter Jon, dj Budin eta dj Makala.
- Noiz. Apirilak 4, asteazkena, 20:00etatik 6:00etara.
- Non. Egiako Gazteszenan.
- Sarrerak. Zortzi euro balio dute eta Kutxasarrerak.com webgunean eskuratu daitezke.