IVLko Formazio eta Berrikuntza arduradunak, Xabier Arostegik, eman zion ziurtagiria Eduardo Gonzalezi, Donostia Buseko tailerreko buruari.
Donostiako Tranbia konpainiak garraioaren kudeaketa iraunkorra saritzen duen Ecostars ziurtagiria jaso du. Mugikortasun Iraunkorra eta Logistikako Euskal Erakundeak (IVL) banatzen duen aitorpen hau jaso duen lehen garraio enpresa izan da Dbus.
Ecostars (Eficent and Cleaner Operations STARS) garraio operatzaileei aholkularitza emateko borondatezko egiaztatze protokolo bat da; flotaren (kamioiak, autobusak edo beste ibilgailu komertzialak) ingurumen-kudeaketa eraginkorra eta iraunkorra egiteko. IVL europar egitasmo honen egiaztatzaile ofiziala da, eta izarrak esleituz enpresen ingurumen-errendimendua sailkatzen du.
Ecostars ziurtagiriaren aurkezpena
Aurreko otsailaren 14ean Dbusek parte hartu zuen Mugikortasun Iraunkorra eta Logistikako Euskal Erakundeak (IVL) Donostian antolatu zuen Ecostars ziurtagiri europarraren aurkezpen ekitaldian. Jardunaldian Dbuseko gerente Gerardo Lertxundiz gain, Eritco-ITS Europeko eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Saileko garraio eta logistika arloko berrogeita hamar ordezkari inguruk hartu zuten parte. Gerardo Lertxundik, Dbuseko gerenteak, Garraio Publikoaren udal enpresak beste hiriekin elkarlanean aritzeko proiektuetan parte hartzeko apustua azaldu du eta horrexegatik egitasmo hau hasieratik gustatu zitzaion «bokazio europar argiagatik, beste erakunde, enpresa eta herrialdeekin elkarlanean aritzearen garrantziarengatik eta konparazioa, garapena eta hobekuntza ekarriko duten prozesu guztietan parte hartzeko interesa dugulako». Era berean, Dbusek ingurumenarekiko duen konpromiso sendoa azaldu zuen eta autobus ekologiko eta erregai garbien aldeko apustua berretsi zuen.