Euskal Herrira Zuzenean lehiaketa, Intxaurrondon
EHZ elkarteak eta Donostia Kulturak lankidetza hitzarmena sinatu dute datozen hiru urteetarako
Euskal Herria Zuzenean (EHZ) elkarteak eta Donostia Kulturak hitzarmen bat sinatu berri dute, datozen hiru urteetarako. Musikaren alorrean egiten diren ekimen eta sorkuntza egitasmoak bultzatu eta elkar laguntzea da helburua, hiru ekimen zehatz barneratzen dituelarik: Donostia eta Gipuzkoako musika taldeak eta artistak Ipar Euskal Herrian ezagutaraztea, Euskal Herrira Zuzenean (EHrZ) lehiaketaren finalerdia Donostian egitea, eta EHrZ lehiaketako irabazleak Donostiako Aste Nagusiko programazioaren barnean jotzea, antolakuntzak eskainiko dion tokian.
Hitzarmen hori dela eta, etzi, martxoak 23, Euskal Herria Zuzenean Elkarteak antolatutako lehiaketaren finalerdia egingo dute Donostian. Zehazki, Intxaurrondoko kultur etxean ariko dira taldeak zuzenean, 21:00etan. Lehiaketako hiru finalistak lehiatuko dira; eta apirilaren 14an Biarritzeko Atabal aretoan joko duen taldea aukeratuko dute. Lehiaketaren ondoren, Nafarroako Vendetta taldeak joko du, eta Puro infierno disko berria aurkeztuko du. Sarrerak zortzi eurotan jarri dituzte salgai eta Ehz-festibala.eu webgunean eros daitezke.
Euskal sorkuntza helburu
EHZ 1992an sortu zen eta bere helburu nagusia euskal sorkuntzaren laguntza eta trukaketa plataforma izatea da hasieratik. Bide horretan sortu zen EHZ Festibala, 1996an. Ordurik Heletako eszenatokietatik hainbat musika talde igaro dira, bai bertakoak, bai nazioartekoak.
Kontzertua
- Zer. EHZ lehiaketako finalerdia.
- Taldeak. Hiru talde finalistak eta Vendetta.
- Noiz. Martxoak 23, ostirala.
- Non. Intxaurrondo kultur etxean.
- Sarrerak. Zortzi euro.


