Isaki Lacuestak eta Juan Aizpitartek Giza Eskubideen Zinemaldian parte hartuko dute
‘Ikusezin dena filmatzea. Zinea, artea eta adierazpen askatasuna’ tailerra egingo dute San Telmo Museoan
Amnesty International-ek, Giza Eskubideen Zinemaldia eta San Telmo Museoarekin lankidetzan tailer berezia egingo dute apirilaren 24a eta 26a bitartean: Ikusezin dena filmatzea. Zinea, artea eta adierazpen askatasuna. Bertan izango dira Isaki Lacuesta zinemagilea eta Juan Aizpitarte artista donostiarra. Zinemaldiaren X. ekitaldiaren barruan programatutako tailerra da, eta gizakiak artearen bidez adierazteko duen askatasuna izango da bertan helduko zaion gaia.
Hausnarketa ariketa bat izango da, eta tailerrean parte hartzen duten ikusleekin partekatuko dute. Izan ere, tailer hau guztiontzat dago zabalik. Isaki Lacuestaren Alpha and Again dokumentala eta Juan Aizpitarte artista donostiarrak Beijingen egindako The Gray Wall argazki bilduma izango da tailerraren abiapuntua. Munduan diren errealitate desberdinak hurbilduko dizkiete bertan parte hartzen dutenei; zinemagile irandarren egoeran arreta berezia jarriz. Giza Eskubideen Zinemaldian Jafar Panahiren eta Mojtaba Mirtahmasben This Is Not a Film filma izango da ikusgai.

