Meettok argitaletxeak Jean Echenozen azken hiru obrak argitaratu ditu euskaraz
‘Tximistak’, ‘Lasterka’ eta ‘Ravel’ nobelak itzuli ditu Gerardo Markuletak
Egiako Meettok argitaletxeak Jean Echenoz idazle frantsesaren azken hiru obrak argitaratu ditu euskaraz. Gerardo Markuleta itzultzaileak euskaratu ditu. Ravel izan zen trilogiaren lehen atala; Lasterka izenburukoa bigarrena, Emil Zatopek korrikalariaren ingurukoa; eta azken hau, Tximistak, Nikola Tesla ingeniariarengan dago inspiratuta. Nobela honekin amaitzen da, Ravel eta Lasterka-ren ostean, hiru bizitzaren segida.
Markuletak adierazi duenaren arabera, “Ez dira biografiak, literatura dira, nobelak. Echenozek argi utzi du bera ez dela ez historialari ez biografo. Bera literatoa dela eta haien bizitzak erabiltzen dituela eleberriak idazteko motor moduan. Biografia bat idatzi baino gehiago, pertsonaia bat eraiki nahi izan du, hau eleberri bat delako. Hau da, pertsonaia errealak baliatzen ditu, baina fikziozko pertsonak balira bezala”.