Realak Levanteren aurka galdu du, markagailuan aurreratu arren (1-3)
http://youtu.be/ctbiXkjNIVY
Reala eta Levanteren arteko partidan kanpotarrek lortu dute garaipena Anoetan, donostiarrek lehen minutuetan markagailuan aurrea hartu arren (1-3). Txuri-urdinak partidari buelta ematen saiatu dira bigarren zatian, atsedenaldira dagoeneko galtzen joan baitira. Saiatu, asko saiatu dira, baina zorterik gabe. Izan ere, Gorka Elustondori bigarren txartel horia atera diote 57. minutuan. Hortaz, Reala jokalari bat gutxiagorekin gelditu da azken ordu erdian. Luzapenean, Levanteko jokalari Xavi Torresek partida erabaki du, hirugarren gol bat lortuta.
Donostiarrek burumakur hartu dute aldageletako bidea, Konek 1-2koa jarri baitu 45. minutuan. Partidaren gakoa hor egon da. Lehen zatiaren bukaera ez ezik, partidaren hasiera ere eroa izan da. Bi gol izan dira lehen hamar minutuetan. Realak lehen gola egin du 6. minutuan, Carlos Velari esker (1-0). 11. minutuan, ordea, epaileak penaltia adierazi du txuri-urdinen aurka, Iñigo Martinezek eginda, eta Levantek berdindu du (1-1), Barkeroren bitartez.
Minutu batzuen buruan, berdinketak eman dion konfiantzak bultzatuta, Levante nagusi izan da. Bi aukera garbi izan ditu; Bravok geldiketa bikain bati esker, esaterako, Koneren gola ekidin du. Geroago, Realak berreskuratu du jokoaren ekimena, baina ez du arrisku gehiegirik sortu. Montanierrek zuzendutako jokalariak lehen zatiaren azken txanpan hurbildu dira gehien aurkariaren atera, baina Konek 1-2koa jarri du atsedenaldiaren atarian. Partidaren bukaeran, 1-3koa jarri du Xavi Torresek.
Bravo, De la Bella, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Dani Estrada, Elustondo, Aranburu, Zurutuza, Xabi Prieto, Vela eta Agirretxe. Honako hamaikakoarekin irten da Reala belargunera. Markagailuan atzetik joanda, Montanierrek Ifran, Pardo eta Llorente atera ditu bigarren zatiaren bukaeran, baina aldaketek ez dute emaitzarik ekarri. Azkenean, Levantek ezer gutxi eginda lortu du garaipena; eraginkorragoa izan da.