TAO araudiaren zirriborroa apirilaren hasieran aurkezteko exijitu du PPk
Udal gobernuak Erdialdeko kaleetan TAOa kentzeko erabakia bertan behera uztea nahi dute
«Pazientzia agortu» zaiela esan du Iñigo Arcauz PPko zinegotziak. Erdialdeko TAO gunea (Askatasunaren hiribidetik Parte Zaharrera) kendu eta bizilagunentzako eremu bilakatzeko erabakia udal gobernuak «bere kasa» hartutakoa izan dela eta TAO araudia berritzeko osatu zen lan taldea desginda utzi duela aditzera eman du PPko zinegotziak. Era horretan, industrialdeetan eta unibertsitate eremuan aparkalekua ordenatu ala ez erabakiko zuen araudia udal taldeen artean adostasunez osatzeko saiakera bertan behera geratu dela azaldu du. Udal gobernuak izan duen jarrera dela eta, TAO araudi berriaren zirriborroa apirilaren hasieran aurkezteko exijitu dio PPk udal gobernuari.
Hasiera batean, zirriborroa martxorako prest egongo zela azaldu du zinegotziak. Zirriborroa aurkeztu bitartean, industrialde eta unibertsitate eremutik TAO sistema kentzeko araudia aldatzeko proposiziorik ez egitea hautatu zuten. Aldiz, apirilean araudirik aurkeztuko ez balitz, proposizioak mahai gainean jarriko dituztela baieztatu du.
Udal gobernuak Erdialdetik TAO eremua kentzeko erabakiari uko egiteko asmorik ez duela jakinarazi du Iñigo Arcauzek. PPk, hala ere, mozio bat aurkeztuko du Mugikortasun Sailak ezarriko duen aldaketa bertan behera uzteko. Udal taldeak ez ezik dendari eta ostalariak ere emandako urratsarekin ez datozela bat aditzera eman du Iñigo Arcauz zinegotziak.


