Bateragune auziaren absoluzioa eskatzeko agerraldia egingo dute larunbatean
Hainbat lagun ezagunek agerraldia egingo dute Miramar jauregian, 11:00etan
Iazko irailean Espainiako Auzitegi Nazionalak kartzela zigorra jarri zien Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez (Altza), Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta ezker abertzaleko kideei. Iñigo Iruin, Jone Goirizelaia eta Kepa Landa defentsa abokatuek azaroan helegitea sartu zuten.
Hain zuzen, Auzitegi Gorenak datorren asteazkenean aztertuko du defentsen helegitea. Honek dio “oinarririk gabekoa”, “logikaren kontrakoa” eta “zentzugabekerietan eta okerretan oinarritua” dagoela zigorra, eta Auzitegi Nazionalaren epaia bertan behera uzteko zein zigortuak absolbitzeko eskatu dute.
Espainiako Poliziak 2009ko urriaren 13an egin zuen operazioa. Hamarna urteko kartzela zigorra jarri zien Auzitegi Nazionalak Otegiri eta Diezi, ETAko buruzagitzat jota, eta zortzinakoa Rodriguezi, Jacintori eta Zabaletari, ETAkoak direlakoan.
Ezker abertzalean Zutik Euskal Herria ebazpenarekin amaitu zen eztabaida sustatu zuten bost haiek, baina ETAren aginduz aritzea egotzi zien Auzitegi Nazionaleko epaiak. Bide politikoen alde egiten du dokumentuak.