Dbus konpainiako autobus bat, Gipuzkoa plazan. (Argazkia: Xabier Etxabe)
2011. urteko memoria aurkeztu du Donostiako Tranbia konpainiak; iaz 29.216.698 bidaiari lortu zituen
Dbusen bidaiari kopurua hazi eta hazi egiten ari da. Azken zazpi urtetako datuek hala erakutsi dute. 2004an 26 milioi bidaiari baino gutxiago zituen; 2008an 28 milioi bidaiarien kopurua gainditzea lortu zuen, eta urtetik urtera behin eta berriz hautsi duen marka da, iaz 29.216.698 bidaiari lortu arte.
Iaz, sarreren salmentatik 19.985.220 euro lortu zituen konpainiak. Memoriaren arabera, “enpresaren gestio eraginkorrari esker”, udalaren diru ekarpena murriztu ahal izan dute. Horrela, udalaren ekarpena bidaiari bakoitzeko 0,40 eurokoa izan da.
2011ko memoriaren arabera, egun, 120 autobusek osatzen dute Dbusen flota. 36 autobus linea ditu (eguneko lineak 27 dira, eta gauekoak, 9), eta 449 pertsonek lan egiten dute konpainian. 1886an, konpainia sortu zenean, sei kotxe ireki eta sei kotxe itxirekin hasi zen lanean. Hiru linea besterik ez ziren, eta 21 langile ziren.
Iaz, gainera, konpainiak urtemuga biribila ospatu zuen; 125 urte bete zituen joan den abuztuaren 28ean. Hainbat sari eskuratu zituen konpainiak: Jose Luis Perez saria, enpresen erantzukizun sozialagatik; Europako saria garraio publikoaren efizientziari; eta ingurumenarekin eta berrikuntzarekin dituen konpromisoengatik hainbat egiaztagiri.