Koadrila edo inguru bereko gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko, aurten ere, udalekuak antolatu ditu Bagera elkarteak. 8 eta 14 urteko gaztetxoek taldeka parte har dezakete.

Gazteen topalekua izateaz gain, euskara sustatzeko gunea ere izan nahi du udalekuak. (Argazkia: Bagera)
Euskaraz jakin, baina sendi erdalduna duten gaztetxoak, edo lagunartean euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenak. Horiek dira Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolatutako udalekuen partaide egokiak. Izan ere, hirugarren urtez, 8 eta 14 urte artekoei zuzendutako Gure koadrilan euskaraz blai egitasmoa gauzatuko baitu elkarteak. Urrats euskaltegiak, udalaren Gazteria Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako ekimenak, euskararen erabilera modu ludikoan eta atseginean suspertu nahi du gazteen lagun taldeetan.
Udaleku gehienen helburu nagusia banaka nahiz taldean izena ematen duten gazteen topalekua izan eta bizipenak trukatzeko gune bilakatzea da. Xede horrez gain, beste batzuen asmoa euskararen erabilera sustatzea ere bada. Egonaldiak iraun artean, partaideek euskara erabiltzen dute, baina, maiz, joera hori eten egiten da udalekua amaitzean; gazteak jatorri desberdinekoak direlako eta euren lagunartean ohitura hori garatu ez dutelako.
Gure koadrilan euskaraz blai udalekuek, bi beharrei erantzuten diete. Aisiaren dinamizatzeari dagokionez, Nafarroako Arantza eta Beintza-Labaien mendiko herrietan natura ezagutu eta gozatzeko aukera izango dute partaideek. Besteak beste, taloak egiten ikasi, Lezealde Txiki bisitatu edota Leurtzako urtegiaren eremu naturala ikusteko parada izango dute gaztetxoek. Hori guztia euskaraz, noski. Berezitasun nagusia, ordea, euren lagun taldearekin batera egingo dutela da. “Ohiko udalekuekin duen alde nagusia taldeka izen ematea da.Talde naturaletan euskararen erabilera sustatu nahi dugu. Besteetan euskaraz egiten dute, baina egonaldia bukatzean, etxera itzuli eta sortutako ohitura eten egiten da. Guk jarraipena izatea nahi dugu”, argitu du Bagerako Ainara Vazquezek. Hori lortzeko, partaideek, gutxienez, lau laguneko koadriletan edo inguru bereko taldeetan –auzo, ikastetxe, sendi…– izena eman behar dute. Nahiz eta horiek hobetsiko dituzten, norbanakoek ere parte har dezakete, Bertizko partzuergoarekin harremanetan jarriz.
Izen ematea, apirilaren 4a arte
Udalekuak 8 eta 14 urte arteko B nahiz D ereduetako gaztetxoei zabalik daude. Vazquezen hitzetan, “Ez da euskararekin arazoa dutenentzat edo euskaraz aritzeko ohiturarik ez dutenentzat. Ikasturtean zehar erabili arren, lagunarte edo familia erdalduna dutenei udako etena arintzeko modua da”. Egonaldia sei egunekoa da –bost gau–, astelehenetik larunbatera bitartean. Iaz lau txanda baino ez ziren; aurten, berriz, ekainaren 25etik irailaren 8a bitartean, hamaika txanda izango dira. Bakoitzean, 95 lagunek parte har dezakete aterpetxe bakoitzean, azkenekoan izan ezik. Horretan, 40 bakarrik izango dira. Egonaldiaren prezioa 210 eurokoa da.
Izen emate epea apirilaren 4a arte zabalik dago. Udalekuetan onartutakoak apirilaren 30ean jakinaraziko dira posta elektronikoz edota posta arruntez.
INFORMAZIO GEHIAGO: