Gervasio Sanchezen 'Desagertuak' erakusketa gaur irekiko dute, egilearen azalpenekin
Gervasio Sanchez argazki-kazetariaren Desagertuak erakusketa Okendo kultur etxean ikusgai egongo da gaurtik maiatzaren 5a arte. Bihar eta etzi, Sanchezek berak ikusgai dauden lanen inguruko azalpenak emango dizkie bisitariei. Aldez aurretik 9432-48 19 75 telefonoan edo bakearenetxea@donostia.org posta elektronikoan izena eman behar da.
Desagertuak erakusketak mundu osoko gatazketan bortxaz desagerrarazitako pertsonen drama jorratzen du. Desagertutako jendeari argazkiak ateratzeko ezintasunak zeharkako bide bat bilatzera eraman du Sanchez. Okendo kultur etxearen erakusketa aretoan, besteak beste, desagertu ziren tokien, gorpuzkiak azaldutako guneen, identifikazio moduen eta familiartekoen fotografiak ikus daitezke.