Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak ez du egungo Kutxako administrazio kontseilua aitortzen
Bi erakundeek uste dute Bildu baztertu nahian Gipuzkoa kaltetu dutela, eta egoera bideratzeko enplazamendua egin diete
Kutxabank-eko auziagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak ez dute aitortzen Kutxa aurrezki kutxaren administrazio kontseiluaren egungo osaera, Martin Garitano ahaldun nagusiak gaur esan duenez. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin batera prentsaurrekoa eman du: “Gipuzkoako Foru gobernuak eta Donostiako udal gobernuak argi esan nahi du ez dugula errekonozitzen bihar batzartuko den Kutxako administrazio kontseilua”, adierazi du Garitanok. Gipuzkoako aurrezki kutxak bihar ohiko batzar orokorra egingo du, eta Garitanok ohartarazi du Aldundiak eta Donostiako Udalak ez dituztela aitortuko bertan hartuko diren erabakiak.
2010 urtean Kutxabank-en sorrera negoziazioetan 20 kidez osatutako administrazio kontseilua onartu zen. Urtebete geroago 15 kidez osatutako kontseilua sortu zen, eta erabaki hori EAJk eta PPk Bildu baztertzeko hartu zutela esan du Martin Garitanok. Bildu kanpoan uzteagatik Gipuzkoa kaltetu egin dutela, eta horregatik, “entitate horretako erabaki guneetan bazterketa politikoa indarrean dagoen heinean”, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Gipuzkoako Kutxaren Gizarte Ekintzaren lau urteko plangintzan parte hartzeari uko egingo diotela azaldu du.
Diputazioak eta Udalak gizartearen isla izango den Kutxa aldarrikatu dute eta horretarako negoziazioak hastea eskatu diete gainontzeko alderdiei. Argi utzi nahi izan dute kontua ez dela Bilduk izan behar duen ordezkaritza, Kutxaren funtzio soziala bermatzea baizik.