Igeldoko jolas parkearen 100 urteak ospatzeko ekitaldiak prestatu dituzte
Igeldoko jolas parkearen mendeurrena ospatzeko ekitaldiak aurkeztu ditu gaur goizean honen zuzendari Pilar Pascualek. Ekimenak ekainaren azken astean hasiko dituzte, Mendeurrenaren Astearekin. Besteak beste, altxorraren bila jolasa, 3×3 futbol txapelketa azkarra, auto eta motor klasikoen erakusketa eta 1920ko hamarkadako mozorroen lehiaketa egingo dituzte.
Abuztuaren 25ean, duela 100 urte ateak ireki zituen egun berean, ezusteko ekimena egingo dute parkean. Eguerdiko 12:00etan izango da, eta Pascualek aurreratu duenez, hiriko txoko guztietatik ikusi ahal izango da.
Bestalde, urteotan parkea bizirik mantendu dutenei, bisitariei, bi lehiaketetan parte hartzea proposatu diete. Batetik, argazki bildumetatik 1990 urtea baino lehen parkean ateratako irudiak berreskuratuz. Bestetik, bertako oroitzapen eta bizipenekin kontaketa osatuz.
Igeldo Mendia Elkarteak kasino-jatetxe gisa sortu zuen 1912an. Jokoa debekatzean, dantzaleku bilakatu zuten. 1920ko hamarkadaren bukaeran, berriz, Ibai Misteriotsua, Suitzar Mendia edota Labirintoa jarri eta jolas parke bihurtu zuten.