Illunberen kudeaketaren ardura alderdi askorena dela dio Ernesto Gascok
Ernesto Gasco taldeko sozialistako buruak Illunberen kudeaketaren ardura alderdi askorena dela esan du, eta une batean ala bestean bai EAk eta Alternatibak ere zerikusia izan zutela gai honekin: ” Nik aitortzen dut albistea ez dela ona eta noski akatsak egon daitezke. Baina akats partekatuak. Nik ez nuen ezertan parte hartu Illunben inoiz”.
Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostiako Udalaren aurkako epaia egin du, eta Illunberen kudeaketa dela eta Udalak 8 milioi gehiago ordaindu beharko dizkio Nuevo Desarrollo Anoeta enpresari. Odon Elorza alkate zela sinatu zen Illunberen kudeaketarako akordioa. Udalak lehendik ere 21 milioi euro ordaindu behar zituen Illunberen truke, eta beraz, epai honen ondorioz, guztira 29 milioi eman beharko dizkio Nuevo Desarrollo Anoeta enpresari.
Aurreko udal gobernuaren kudeaketa “negargarria” izan zela salatu du Juan Karlos Izagirre alkateak: “Aurreko gobernuak egindako deskalabruaz badakite donostiarrek. Pozoitutako herentzia bat utzi zigun PSE-EEk Illunberekin. Epai honek ederki laburbiltzen du PSE-EEren kudeaketa. Kudeaketa guztiz arduragabea”. Izagirrek erantsi du ondorioak larriak izan daitezkeela. Autobus geltokia, Tabakalera eta udal zerbitzuen kalitatea arriskuan jartzeko modukoa. Halere, arrisku hori gauzatu ez dadin lan egingo dutela hitz eman du.
Ernesto Gascok “iraingarritzat” jo ditu Izagirreren hitzak, eta horrelako adierazpenekin aurrekontuen inguruko akordioa ezinezkoa dela esan du, eta bertan behera utzi du aurrekontua negoziatzeko Bildurekin zuen bilera. Osoko zuzenketa egingo duela iragarri du.
Jabi Vitori Ogasun delegatuak aurrekontuaren inguruko akordioa orain inoiz baino beharrezkoagoa dela adierazi du. Arduraz jokatzeko eskatu die oposizioko alderdiei, PSE-EEri bereziki: “Espero dut egun hauetan hastea beraiekin hitz egiten honi buruz. Ez zaigu oso arduratsua iruditzen erantzun hori beraien aldetik”.
EAJeko Eneko Goiak esan du Odon Elorzaren kudeaketa txarra izan zela, eta eskua luzatu dio Bilduren udal gobernuari epai honek ekar ditzakeen arazoak konpontzen laguntzeko.