
Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etxegoien eta Donostiako Udaleko Kultur eta Euskara ordezkari Nerea Txapartegi bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenaren berritzea aurkeztu dute. (Argazkia: Xabier Etxabe)
2014ra arte iraungo duen itunaren luzatzeak elkar ezagutzan eta informazio trukean ere eragina edukiko du.
Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundeko (EKE) zuzendari Pantxoa Etxegoienek eta Donostiako Udaleko Kultur eta Euskara ordezkariak bi erakundeen arteko hitzarmenaren berritzea aurkeztu zuten atzo. Sorkuntzaren alorrean egin beharreko ahalegina nabarmendu dute akordioaren arduradunek. Hori dela eta, 2012. urtea ezarri dute deialdi bateratuak «sortzeko ala irudikatzeko» epe gisa. Hitzarmenak dituen beste ardatz nagusiak dira elkar ezagutzea, informatzea eta hedatzea.
Hitzarmena 2010ean sinatu zuten lehen aldiz, eta itunaren emaitza praktikoak, esaterako, maiatzean ikusi ahal izango dira Intxaurrondo kultur etxean, Kantuketan izeneko erakusketan.