Udal gobernuak udal langileen lan hitzarmena adostu du sindikatuekin
LAB, Erne eta CCOOren baiezkoarekin egin duela aurrera zehaztu du Burutaranek
Giza Baliabideetako zinegotziak, Nekane Burutaranek, aditzera eman duenez, udaletxeko langileen lan hitzarmena adostu dute. Hitzarmenak aurrera egiteko, LAB, Erne eta CCOO sindikatuekin lortu dute akordioa. Madrildik iristen diren «trabei» aurre egiteko gai izan direla azpimarratu du eta nahi izanez gero, adostasunera heltzeko aukera badagoela zehaztu du. Hitzarmenak 1.408 udal langilerengan izango du eragina.
2011ko soldatak mantenduko dituztela eta aurreko urteetan galdutako erosteko ahalmena pixkana berreskuratuko dutela aditzera eman du Burutaranek. Azpikontratazioekin bukatzeko pausoak emango dituztela jakinarazi du, halaber. Abian jarriko dituzten zerbitzuetan, beraz, azpikontratazioa saihesteko konpromisoa hartu dutela azaldu du, horrek zerbitzu publikoaren kalitatea bermatzen lagun dezakeela uste du zinegotziak.