40 urte Balentziaga gabe
Gaur 40 urte dira Kristobal Balentziaga hil zela. Urtemugaren harira, jostunak Donostian emandako urteak ekarri ditu Irutxuloko Hitzak
XIX. mendearen bukaeran Parisko moda berrienaren erakusleiho bihurtu zen Donostia. Espainiako errege-erreginen familiak eta gortearekin batera etorritako damek harro erakusten zituzten denboraldiko modelo berriak. Garai hartan Gipuzkoako kostaldea udatiar aberatsez beteta zegoen. Punta-puntako soinekoak erosteko irrikitan ziren guztiak. Talentuari distira ateratzeko toki paregabean jaio zen, beraz, Kristobal Balentziaga.
1936an iritsi zen Parisera Getariako jostuna. Modaren hiriburutik, haren jantziek munduari bira egin zioten. Parisera joan aurretik egindako ibilbidean bihurtu zen, ordea, maisuen maisu. Donostian sortu zuen bere lehen moda etxea; hura izan zen jostun handiaren lehen erakusleihoa. Hasi eta hazi egin zen bertan, profesional gisa. Haren prestakuntza urteak izan ziren. Parisera iristerako gizon heldua zen artistikoki, baita enpresari gisa ere. Ordurako hiru denda zituen Donostian, bat Madrilen eta beste bat Bartzelonan.
Balentziagaren ama Casa Torreseko markesaren jostuna zen. Balentziagak etxean ikasi zuen josten, amarekin. Nerabe zenean erabaki zuen jostun izatea, Casa Torreseko markesak bere soineko dotorea kopiatzeko erronka bota baino lehenago ziur asko. Eskarmentu gabeko mutiko gazte hark, ordea, laguntza behar zuen. Kontaktuak behar zituen, oraindik pasio bat besterik ez zena bizimodu bihurtu ahal izateko. Markesari esker ekin zion bere hezkuntza profesionalari. Hura harrituta zegoen getariarrak josteko zuen dohainarekin.
Hiriko dendarik onenen bezeroa zen markesa; Maria Kristina eta Viktoria Eugenia erreginak bezala. Moda etxe dotoreenen bezeroak ziren haiek ere. Aristokraziak Parisko moda berriena Madrilen eta Parisen erosten zuen lehendabizi, eta udan, Donostian erakusten zuen. Donostian, berriz ere armairua betetzen zuen, udazkeneko aurre denboraldia erosten baitzuen bertan.
Merkataritzaren gorakada izugarria izan zen XIX.mendeko bukaerako azken hamarkadetan, luxuzkoa batez ere. Udatiar aberatsen eta burgesen eskaera asetu beharra zegoen. Eustachette Urdapilleta, Bergara kalean, eta Modas Mugica Hermanas, Garibai kalean, izan ziren elitearentzako moda jantziak saltzen hasi ziren lehen dendak. Saltoki handiak ziren. Askatasunaren hiribidea merkataritza gune garrantzitsu bihurtu zen garai hartan.
New England denda, lehen aukera Balentziaga bezala, hainbat jostun hasi ziren bere kabuz lanean: Elisa Arin, Paulina Alaro, Louise Rasinangue… Parisera joan ohi ziren urtean bi aldiz, bertako bildumak Donostiara ekartzeko. Jostundegi ingelesak ere ireki zituzten zenbait jostunek: New England, Piccadilly, The Popular Taylor… Izenak ere ingelesez jarri zituzten, jakina. Horietako batean hartu zuten Balentziaga, ikastun gisa.
1907. urtetik bizi zen Balentziaga Donostian. 12 urte besterik ez zituen lanean hasi zenean. Ohiko adina zen orduan, baina ikasle aurreratua zen. Casa Gomez-eko hiru jostun onenek sortutako New England dendan, Elkano kalean, eman omen zioten lehen aukera. Saltoki berria bezero dotore eta dirudunen leku kuttun bihurtu zen berehala.
Lehen lan kontratua Au Louvre dendan lortu zuen. Parisko Les Grands Magasins du Louvre-ren egoitza moduko bat zen, Donostian. Parisen bezala, Donostian ere modako azken berritasunez betetako saltokiak ireki zituzten: La Casa del Andorrano, La Villa de Bruselas, La Perla Vascongada, La Concha Guipuzcoana…
Au Louvre-ko jabeek beste denda bat ireki zuten Hernani kalean. Balentziaga denda berrian hasi zen. Handik bi urtera jostundegi tailerreko nagusi izendatu zuten. Parisko artikuluak saltzen zituzten bertan. Balentziaga bera Parisera bidaiak egiten hasi zen material berria erosteko. Ondo ezagutzen zituen bezero donostiarrak. Bazekien haiekin nola asmatu, eta erosle fin bihurtu zen. Parisko Les Grands magasins du Louvre ezagutzeko aukera izan zuen.
Parisen, goi mailako jostungintzarekin maitemindu zen Balentziaga. Moda etxe handienak ezagutu zituen, jostungintzaren negozioa gertutik jarraitu zuen. Bordelen ere izan zen denboraldi batez. Frantsesa ikasi zuen. Modaren hizkuntza zen. Inoiz denda bat irekitzeko ametsarekin bizi izan zen harrez gero. Bordelen ere izan zen aldi baterako.
Lehen Mundu Gerraren urteak ziren orduan. Bordele Frantziako Gobernuko egoitza bihurtu zen. Gerra krudelagatik ere modak aurrera egin zuen. Ez ziren garairik onenak jostunentzat, baina testuinguru perfektua izan zen XX. mendeko sortzaile handienetako batentzat, Coco Chanel-entzat. Udako etxeetara dirudunak joan ohi ziren. Gerraren krudeltasunetik at bizi ziren haiek. Lanez lepo ibili zen Chanel Biarritzen zabaldu zuen lantegian. Chanel, ordea, ez zen diseinatzaile bakarra izan. Balentziaga ere prest zegoen salto handia emateko. 1917an itzuli zen Donostiara, bere lehen denda irekitzeko asmoz.
Gerra, luxua… eta modaChanelek, lehen mundu gerran, garai ilun betean, aurrera egitea lortu zuen. Balentziagak ere bai. Bilbo eta Donostiako burgesiak ere aristokraten moduan jantzi nahi zuen. Enpresariak, erbestean zeuden artistak, idazle eta jende ezaguna, erret familiak erakarritako turismoa… Gerra, moda, luxua eta kontsumoa. Luxuzko mikroklima batean murgilduta bizi ziren euskal kostaldean, Cote des Basques izenekoa. Chanelek bezala, aukera ona aprobetxatzen jakin zuen. Arriskatu, eta bere talentuaren aldeko apustua egin zuen.
Bergara kaleko bigarren zenbakian ireki zuen lantokia, C. Balenciaga izenarekin. Langile bila hasi zen. Brodatzaileak behar zituen. Bere arreba Agustinak lagundu zion lan talde profesionala osatzen. Balentziagak ondo aukeratzen zituen langileak. Zorrotza zen. Profesionaltasun osoz lan egiteko exijitzen zien. Modaren loraldi garaia zen, baina bidea bakarrik egitea ez zen lan samurra izango. Senideen babesa izan zuen jostunak. Ezinbestekoa izan zen familiaren babesa aurrera egin ahal izateko. Parisko dendak ere euskal kostaldera begira jarri ziren. Haien ordezkariak bidali zituzten uda aldean, bertako bezeroak erakartzeko.Erakustaldiak egiten zituzten luxuzko hoteletan edo zenbait lokaletan. 1924ko irailean modaren festa antolatu zuten Kursaalen. Arrakasta izugarria izan zuen ekitaldiak.
20ko hamarkada, arrakasta Balentziaga ere, beste jostunak bezala, Parisera joan ohi zen beroki, jantzi eta trajeak eskuratzera. Donostiara modelo horietan oinarritutako bilduma aurkezten zuen. Bertako bezeroen gustuetara moldatzen zituen. Pieza haiek desegin, haien eraikuntza eta patroiak aztertu eta oihalak bereizten zituen. Bilbon, Oviedon, Sorian edo Sevillan ere aurkeztu zituen bere bildumak. Bezero andana erakarri zituen getariarrak. Pixkanaka, eta epe laburrean, Balentziaga ezaguna egin zen. Garaiko egunkariek ere jasotzen zuten haren ospea. 1918an aurkeztu zuen bere lehen bilduma. 1924an Askatasunaren Hiribideko bigarren zenbakian ireki zuen Balenciaga y Cia.
Primo de Riveraren diktadurak, ordea, turista dirudunak uxatu egin zituen. Jokoa debekatu egin zuen, eta beraz, kasinoan antolatu ohi zituzten festak desagertu egin ziren. Mugaren bestaldera jo zuten. Balentziagak, halere, beste denda bat ireki zuen. 1927an Okendo kalean Eisa Costura inauguratu zuen. Askatasunaren hiribideko dendan goi mailako diseinuak saltzen zituen, bezero fin eta dotoreneei. Okendon, berriz, maila ertainekoak erakarri zituen.
1931n, Errepublika garaia iritsi zenean, aristokraziak abandonatu egin zuen Balentziaga. Erret familiak Parisera alde egin zuen, eta sortzaileak bezero fidelenak galdu zituen.Baina ez zuen etsi. Lanean hasi zen buru belarri. Egoera berrira moldatu behar zuen. Askatasunaren hiribideko dendan jarraitu zuen lanean. Enkargu gutxi zituen, baina esklusiboak. Madrilen eta Bartzelonan denda bana zabaltzea lortu zuen.
Parisera 1936an iritsi zen. Beste behin, gerra batek arriskuan jarriko du bere ametsa. 1936ko gerra hasi zenean, Balentziagak Donostian, Bartzelonan eta Madrilen zituen denden jarduera eten egin zuen. Tropa frankistek hiria hartu zuten. Ez dago Balentziagak alde egin zuen eguna zehaztatzerik. Beharbada irailaren 12an egin zuen, beste milaka donostiarrek egin zuten moduan. Lekuko batek 1936ko bonbardaketan jostuna hirian zela ziurtatzen du.
Askatasunaren hiribidetik, Avenue George V-ra Bilintx-en ilobak, Nicolas Bizkarrondok, bere bizilagunak, lagundu zion Parisen hutsetik hasten. Hura errepublikaren aldeko militante ezaguna zen eta Parisera alde egin behar izan zuen familiarekin batera. Donostiako langileek Eisa izenarekin jarraitu zuen lanean, Askatasunaren hiribideko dendak 1968an itxi zuen arte. Gerra amaitzean, berehala ekin zioten lanari, berriz ere Bizkarrondoren laguntzari esker sortu zuen Avenue George V hiribidean, Parisen, Balentziaga etxea. Parisen jada ez zuen ezer gehiago ikasteko, dena zuen erakusteko.