Jaurlaritzak Donostiako Udalari utziko dio Tabakalerako presidentetza
Tabakalerako administrazio kontseilua 15:30ean bildu da gaur
Blanca Urgell kultura sailburuak azaldu du berari zegokiola presidente izatea Tabakalerako administrazio kontseiluan. Hala ere, Urgellek Juan Karlos Izagirre alkateari eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari gutun bat idatzi die, “txanda jarraitu behar dela eta Donostiako alkatea presidente” izan behar dela esanez.
Eusko Jaurlaritzako, Foru aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariek osatzen dute Tabakalerako administrazio kontseilua. Ados jarri ezinik dabiltza Tabakaleraren proiektuaren inguruan. Azken bileran Jaurlaritzak aurkeztutako asmoa atzera bota zuen kontseiluak; Tabakalera eta Donostia 2016 hautagaitza ez batzea erabaki zuen. Gaur kontseiluaren presidentzia hartzea egokitzen zaio jaurlaritzari, eta Blanca Urgell kultura sailburuaren esanetan, oraingoz paso egitea erabaki du jaurlaritzak eta presidentziarik ez hartzea. Udalari utzi dio zeregin hori eta idatziz eman die erabaki horren berri ahaldun nagusiari eta alkateari. Bi arrazoi eman ditu Urgellek: “Batetik, une honetan zalantzan dago Tabakalera proiektua, eta uste dut bertako erakundeak izan behar direla aurrelari proiektua definitzen eta proiektua egon badagoela denoi erakusten. Bestalde, azken bileran lehen aldia izan zen adostasunean ez oinarritutako erabakiak hartu zirela. Horregatik uste dut kontselu horretan gehiengoa duten erakundeek izan behar dutela burutza”.