M15 mugimendua, udaberri arabiarra eta krisi ekonomikoa bezalako gaiak aztertuko dituzte EHUko udako ikastaroetan
Euskal Herriko Unibertsitatearen udako 31. ikastaroen eskaintza osatu dute jada. Guztira 128 ikastaro tailer eta kongresu egingo dituzte ekainaren 19tik irailaren amaiera bitartean. Aurten euskarazko eta ingelesezko ikastaro kopurua igo egin da. Iaz 12 ikastaro burutu ziren euskaraz, eta aurten 16 eskainiko dira. Ingelesezko ikastaroek ere gora egin dute, iaz zortzi ziren eta aurten lau gehiago.
Parte hartzaileen artean: Emilio Duro ekonomilaria eta Joxe Arregi Deustuko Unibertsitateko irakasleak ariko dira. Iñaki Gorizelaia EHUko errektoreak adierazi duenaren arabera, gaurkotasun handiko gaiak landuko dira: “Gaur egungo gizarte gaiei erreparatuko diegu hainbat ekarpen berriren bitartez. Besteak beste askotariko alderdi hauetan murgilduko gara. Arabiar herrialdetan duten egoera, Txinaren hazkunde ekonomikoa, hiri hondakin, komunikabide publikoen rola, osasun arloan dauden desberdintasunak, M15 mugimenduaren inguruko ikastaroa…”.
Osasunari lotutakoak bereziki indartu dituzte espezialistei begira: Osasun arloko baliabideen kudeaketa, ikerkuntza eta berrikuntza, alzheimerra eta bestelako gaixotasunak aztertuko dituzte. Krisi garai betean ezinbestean ekonomiari ere erreparatu behar zaio: Gehiegi zorpetzea aurrezki kutxen egoera, lidergoa eta enpresa txiki eta ertainak, esaterako.