Igeldoko jolas parkearen mendeurrena bisitariekin ospatu nahi dute
Urteurrenaren egunean, abuztuaren 25a, hiriko txoko guztietatik ikusi ahal izango den ekimena egingo dute.
Igeldoko jolas parkearen mendeurrena ospatzeko ekitaldiak aurkeztu zituzten atzo honen zuzendari Pilar Pascualek. Urtebetetzean, nola ez, parkea bizirik mantendu dutenek, bisitariek, parte hartzea nahi dute.
Ekimenak ekainaren azken astean hasiko dituzte, Mendeurrenaren Astearekin. Besteak beste, altxorraren bila jolasa, 3×3 futbol txapelketa azkarra, auto eta motor klasikoen erakusketa eta 1920ko hamarkadako mozorroen lehiaketa egingo dituzte. Ehun urte lehenago ateak ireki zituen egun berean, abuztuaren 25ean, ezusteko ekimena egingo dute Igeldon. Eguerdiko 12:00etan izango da, eta Pascualek aurreratu duenez, hiriko txoko guztietatik ikusi ahal izango da. Horrez gain, irailaren 7an eta 8an Kutxa Kultur Festibalak musikaz beteko du parkea.
Bestalde, bi lehiaketa ere prestatu dituzte: Amonaren kontaketa eta Aitonaren argazkia. Lehenengoan, 12 urtetik gorakoek, bertako oroitzapenekin eta bizipenekin idazlana osatu beharko dute, eta info@monteigueldo.es helbidera bidali, norberaren datuekin batera. Bigarrenean, berriz, argazki bildumetatik 1990 urtea baino lehen parkean ateratako irudiak berreskuratu beharko dituzte partaideek. Bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkez ditzake Foto Ikatzen Gipuzkoako edozein dendatan, asteazkenetik maiatzaren 31 bitartean. Argazkiekin uztailetik irailera bitartean ikusgai izango den erakusketa prestatuko dute. Lehiaketaren oinarriak hemen.
Urteurrenerako abestia ere egin dute. Igeldo Mendia Elkarteak egindako poema batean du oinarria, eta parkearen bi lagunek musikatu dute: Xabier San Martinek, gazteleraz, eta Marisol Vander-Vorstek, euskaraz.
Elkarteak kasino-jatetxe gisa sortu zuen 1912an. Jokoa debekatzean, dantzaleku bilakatu zuten. 1920ko hamarkadaren bukaeran, berriz, Ibai Misteriotsua, Suitzar Mendia edota Labirintoa jarri eta jolas parke bihurtu zuten.