Eduardo Txillida eta Koldo Mitxelena katedrak sortu ditu Etxepare Institutuak
Eduardo Txillida katedra Frankfurt-eko Johann Wolfgang Goethe Universitaat-en emango da, 2012-2013 ikasturtean. Katedra euskal artearen ingurukoa izango da eta, Eduardo Txillidaren obra, esparru akademikoan ikertzen eta zabaltzen laguntzea izango du xede. Katedrak Frankfurteko Unibertsitateko Artearen Historiaren Institutuan izango du egoitza, eta Frankfurteko Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean bilduko du artistari buruzko bibliografia osoa.
Etxepare Euskal Institutuak Koldo Mitxelena euskal hizkuntzalariaren izena daraman katedrari apirilaren 11n emango dio hasiera Chicagoko Unibertsitatean, Estatu Batuetan. Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea izango du xede katedrak. Division of Humanities izeneko sailean txertatu dute katedra, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat joango da bertara, lauhileko batez University of Chicago-n eskolak ematera. Euskal Herriko Unibertsitateko fonologiako katedraduna, Lourdes Oñederra, izango da katedra honetako lehen irakaslea, eta halaxe aurkeztuko da Chicagon, hasierako egitarauaren baitan egingo den ekitaldian.