Ezker Abertzalea: "Illunberen inguruan, ez Odon Elorzak, ez eta bere alderdiak ere, ez dute inoiz beren erantzukizun politikoa onartu"
Donostiako Ezker Abertzaleak Illunbe auziaren inguruan ardura politikoa eskatu dio PSE-EEri. Donostiako Ezker Abertzaleak hasiera batetik Illunbeko “irregulartasun horiekin” ohartuta, epaitegian salaketa jarri zuela ekarri du gogora; eta oraingo sententzia judizialak, bere garaian egindako salaketa hura berretsi duela adierazi du.
“Illunberen inguruan, ez Odon Elorzak, ez eta bere alderdiak ere, ez dute inoiz beren erantzukizun politikoa onartu. Zer esanik ez, kaltea ordaintzeri dagokionean. Bankuek krisi garai honetan jokatu duten moduan jokatu du Donostiako PSEk; zulo ekonomikoa haien mesedetan sortu eta ondoren herritarrei ordainaraziz. Ez da onargarria, ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzea”, adierazi du.
Auzitegiak egindako ebazpenaren kaltetu bakarra Odon Elorza eta PSE-EE izan beharko liratekeela uste du Ezker Abertzaleak, baina tamalez bere “jokabide arduragabea” donostiar guztiek ordaindu beharko dutela plazaratu du.