Gorpu bat aurkitu dute Oriamendi pasealekutik gertu, sastraka artean
Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera, gorpu bat aurkitu dute Oriamendi pasealekuaren ondoan, sastraka artean; Goiaztxiki eta Basozabaletik gertu. Inguruko sastraka mozten ari zen behargin batek topatu du gorpua, goizeko 8:30ean. Ikusi bezain pronto Ertzaintzari abisua eman dio langileak, SOS Deiak telefonoaren bitartez.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, hilotza oso egoera txarrean zegoen: “hezurdura bistan, arropa eta oinetakoekin”, Ertzaintzak berak azaldutakoaren arabera.
Gorpua agertu den eremua hesitu dute, eta auzitegietako ordezkariek eta Polizia Zientifikoak gorpua aztertu eta eraman dute. Ertzaintzak ikerketa ireki du, hildakoa identifikatzeko eta heriotzaren arrazoiak ezagutzeko.