La Oreja de Van Gogh taldea El Juli-rekin.
Zezen kontuengatik da albiste La Oreja de Van Gogh talde donostiarra. Asteburuan ‘El Juli’ toreatzailearen etxean, Salamankan, izan dira. Eta han bigantxa baten aurrean jarri dira taldekideak; toreatzen ibili dira. Argazkiak taldearen Facebook eta Twitter orrietan jarri dituzte; kapote eta guzti agertzen dira irudietan. Iruzkin batzuk ere utzi dituzte, eta El Juli-ri esaten diote egun hori ez dutela ahaztuko, eta toreatzailearen pasioa kutsakorra dela, haiei ere kutsatu dielako.
Honen harira etorri da kritika zaparrada. Animalien torturaren alde agertzea lotsagarritzat jo dute sare sozialetako hainbat erabiltzailek. Igualdad Animal plataformak egindako eskariari erantzunez, zezenketen alde erakutsitako jarrera kritikatuz milaka mezu jaso dituzte taldearen Twitter eta Facebook orrietan. Twitter-en jada hashtag berria sortu dute polemika honen inguruan: #vangoghsintortura.