Odon Elorzak Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko eskatu dio Izagirreri
Alkate ohia haserre agertu da Illunberen auzia dela-eta bere aurka egindako kritikengatik
PSE-EE alderdiko alkate ohiak, Odon Elorzak, Juan Karlos Izagirre Bilduko alkateak Illunbeko auziaren harira egindako adierazpenak kritikatu ditu. Illunbeko kudeaketan egindako akatsen ardura berea bezalaxe gainerako alderdiena ere badela azaldu du gaur, eta ezin zaiola berari leporatu gertatutakoaren ardura osoa. Ezker Abertzaleak izan ezik, gainerako alderdiek ere parte hartu baitzuten erabaki guneetan: “Udalbatzarrean guztiok elkarrekin adostutako erabakiak izan ziren”.
Egungo udalari ere kritika egin dio Elorzak. Bere jarduna salatu beharrean Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratu duen azken sententziari helegitea jarri beharko ziolako udal gobernuak. Azken ebazpenaren arabera, udalak beste zortzi milioi euro ordaindu beharko dizkio Nuevo Desarrollo Anoetari, Illunbeko gestioaz arduratu zen enpresari.
Elorzari ez zaio zuzena iruditu epaia eta izagirreri eskatu dio helegitea jartzeko Auzitegi Konstituzionalean. Beste eskari bat ere egin dio: «Izagirrek nire zintzotasuna ez badu argi, jar dezala ikerketa batzorde bat abian». Odon Elorza oso haserre agertu da bere aurkako kritikekin. Izagirre alkatearenak fede txarrean baino ezjakintasunean oinarrituta daudela esan du, eta ezker abertzaleari aldiz gezurrak esan eta bere kontrako irain koldarrak bota izana leporatu dio.