Eneko Sierra: "Añorgatarrek kulturaz gozatu ahal izatea eta zer dagoen jakitea da asmoa"
Kepa Matxain eta Eneko Sierra – Añorga Kulturaren sustatzaileak
Antzerki tailerra, bertso eskola eta irakurketa taldea. Horiek dira Añorga Kultura egitasmoaren hiru ildoak. Guzti horiek osatzea da añorgako gazte talde baten asmo nagusia.
Añorgako kultur eskaintza sortu eta zabaltzea zen Añorga Kultur eta Kirol Elkarteko kultura arduradun Eneko Sierraren (Añorga, 1982) nahia. Hilabetetako lanaren ondoren, eta laguntza ugari jasota, Añorga Kultura sortu du. Egitasmoaren barruan, Beñat Gaztelumendik eta Kepa Matxainek (Añorga, 1991) sustatuta, Obabako Testiguak irakurketa taldea abian jarri dute. Proiektuaren nondik norakoen berri eman diote Sierrak eta Matxainek IRUTXULOKO HITZAri.
Zer da Añorga Kultura?
Eneko Sierra (E.S.): Añorga Kultur eta Kirol Elkartea Añorgan udalaren papera egiten duen erakundea da; auzo, kultur eta kirol elkarte gisa. Kultura beti egin izan da, baina inertziaz-edo; beti gauza berak egiten dira. Elkartea futbolagatik ezagutzen dute, ez kulturarengatik. Ni bertako idazkaria eta kultur arduraduna naiz 2010eko irailetik. Añorgatarrak inplikatu eta kulturari indarra eman nahi nion. Jendea entzun eta eskatzen dutena egin behar duzu, eta hori ezin nuen bakarrik egin, laguntza behar nuen; horrela eratu zen taldea. Antzerki tailerra sortu genuen, bertso eskola berreskuratu, eta oraina irakurketa taldea osatu dugu. Horiek dira urte osoko ekimenak, hiru ardatz indartsuak. Horrez gain, ekimen zehatzak ere egiten ditugu: antzerki astea, kontzertuak, bideo emanaldiak… Bertan egiten den kultura bultzatzeko sortu dugu.
Zein da bere helburua?
E. S.: Kulturaren inguruan auzoa egitea da xedea. Adinen arteko harremana eta euskal kultura sustatu nahi ditugu, urte osoko ekimenen eta unean unekoen bidez. Nola egin? Inprobisatzen goaz. Hilabetean hiru ekimen finko izango ditugu, unean sortzen direnez gain.
Antolatutako ekimenen berri emateko bloga jarri duzue abian.
E. S.: Bloga irekia da. Guk antolatutako gauzak ekitaldien atalean agertzen dira. Horrez gain, hemen egiten den guztia jartzen saiatzen naiz, elkarteak egin ez arren; gazte asanbladak, Orga historia mintegiak… prestatutakoak bideratzen. Gainera, interesgarriak diren ekitaldiak ere gehitzen ditut. Añorgatarrek kulturaz gozatu ahal izatea eta zer dagoen jakitea da asmoa. Oso irekia da, eta beste tokietatik datozenak ere ongietorriak dira.
Beste auzoetatik etortzen al dira?
E. S.: Asko kostatzen da jendea ekartzea, baina muga psikologikoa da.
Norengana iristea kostatzen zaizue ?
E. S.: Adinekoak erakartzen ez dut asmatzen. Jakoba Rekondok lorezaintza ikastaroa emango du, eta ziur, adinekoak hurbilduko direla. Adin guztietakoak elkartu nahi ditugu. Landare ontziak Polloeko horma hilobiak dira, eta haurrek margotuko dituzte. Ikastaroak iraun bitartean, ikastolan konposta egitea nahi dugu, eta landaketa egunean haurrek botatzea. Landareak zaindu egin behar dira, eta hori ziur aski adinekoek egingo dute.
Ostegunean irakurketa taldearen lehen saioa egin zenuten.
E. S.: Irakurri beharreko liburua aurkeztu genuen, Franz Kafkaren Metamorfosia. Apirilaren 19an egingo dugu solasaldia.
Obabako Testiguak izena jarri diozue taldeari. Zergatik?
Kepa Matxain (K. M.): Izenak botatzen hasi ginen, errima bilatzen: Eleak eta beleak, Letrak eta lekak… eta norbaiti bururatu zitzaion. Jehovah-ren lekukoak eta Obabakoak liburu mitikoa elkartzen ditu.
Zein alor landuko dituzue?
E. S.: Hiru hilabeteko zikloak izango dira, ahal den neurrian, euskarazkoak eta gaztelaniazkoak batuz. Lehen zikoan, literatura unibertsala landuko dugu.
K. M.: Bigarrenean, poesia edo saiakera izango da; eta hirugarrenean euskal literatura. Bigarren zikloan euskal saiakera edo poesia izan daiteke; klasikoagoa, eta hirugarrenean, azken boladakoak.
E. S.: Gure asmoa da azken zikloan idazleak parte hartzea eta errazagoa da azken liburuaz hitz egitea, aspaldi idatzi zuenaz baino.
Liburuak aukeratu al dituzue?
K. M.: Udaberriko uzta begiratzen ari gara… Batzuekin zaila izango da. Ramon Saizarbitoriak Martutene aterako omen du, baina bera ekartzerik izango dugun…
E. S.: Ekimenak doakoa izan behar du, jendea harrapatu nahi baitugu, ez beldurtu. Elkarte gisa liburutegiko txartela egin dugu eta 25 liburu har ditzakegu. Oso berria bada, hartua izango da. Beraz, ezin da ez oso zaharra ezta oso berria izan ere. Ezin du euskal best-seller bat izan.
K. M.: Are gehiago, hori da sustatu nahi duguna; azpian gelditu diren liburu interesgarriak bultzatzea.
Zer irizten diozue Añorgako kultur eskaintzari?
E. S.: Zer daukagun badakigu, gure baliabideekin eman dezakeguna eta ematen duguna. Jaiak ere guk antolatzen ditugu, eta taldea osatzen ari gara. Dinamika berri bat nabari da. Nahiz eta gutxi izan uzta ona ematen ari gara.
K.M.: Añorgan jende askoren pertzepzioa da loraldian gaudela da.
E. S.: Udalak egiten duen eskaintzari dagokionez, Añorgak ez du kultur etxerik, Lugaritzekoa dagokio. Lanean hastean, hango teknikari Iker Tolosarekin hitz egin nuen, eta azaldu zidanez, gauzak egiteari utzi zioten jendeak ez zuelako erantzuten. Ez zekiten horren arrazoia zein zen, jendeak ez duela hona etorri nahi edo bertakoek interesik ez dutela hori ezagutarazten. Beraiek borondatea badute eta egoera aldatzeko konpromisoa hartu nuen. Poltsiko antzerkiko hainbat saio egin dira hemen, eta laster bilera dut teknikari berriarekin aurten zer egin erabakitzeko.
Etorkizuneko proiekturik ba al duzue?
E. S.: Gasteizen Itinerario Muralistak eraikinen fatxadak margotzen ditu. Añorgan artista asko daude eta antzeko zerbait egin nahi dugu. Hori ikustean ‘Añorgan hau egin behar dugu, gainera, Donostian ez dago’, pentsatu nuen. Gerora, jakin nuen zergatik… Guk ez dugu arazorik, Añorga pribatua da eta paretak gureak dira. Presarik ez dugunez, 2016ko proiektuaren barruan sartzea nahiago dugu.
2016a aipatu duzu, Olatu Talka jaialdian parte hartuko duzue, ezta?
E. S.: Bertso jarrien emanaldi musikatua egingo dugu maiatzaren 11n. Bertso eskolan bertsoak prestatu eta, ahal den heinean, musikatuko ditugu. Horrez gain, Jokin Labaien, Beñat eta Unai Gaztelumendi, eta Alaia eta Jon Martin bertsolariek ere parte hartuko dute.