Gipuzkoako pentsiodun eta erretiratuen elkarretaratzea. (Argazkia. Estitxu Zabala)
Gipuzkoako pentsiodunen eta erretiratuen plataformak elkarretaratzea egin du gaur goizean Garibai kaleko Kutxabanken egoitza aurrean.
Kutxabanketik nominak atera! zioen pankartaren atzean 20 bat lagun elkartu dira, erakundeak gipuzkoarrei kudeaketan parte hartzen uzten ez diela salatzeko.
Ekintzan, ordea, pentsiodunen egoera ekonomikoa ere gogora ekarri dute. Azaldu dutenez, Mariano Raxoiren gobernuak onartutako %1eko igoera ez da inolaz ere nahikoa. “Hilean batez besteko 950 euroko pentsioari %1eko igoera erantsiaz, 9,50 euro gehiago dira. Kontuan eduki behar da iazko pentsioen izoztearen ondotik datorrela, eta sail garrantzitsuetan –argindarra, gasa, janaria, KPIa, BEZa…– gorakoa izan zela joan den urtean”. Pentsio altuenaren eta baxuenaren artean 22.619 euroko aldea dagoela zehaztu dute, gutxieneko ordainsaria jasotzen dutenen egoera “izugarri larria” izanik. Honen aurrean, “pentsioak eta zerga eredua hemen erabaki behar ditugu, bertako instituzio, sindikatu eta erakunde sozialen laguntzaz” aldarrikatu dute.
Plataformako kideen eskaera nagusiak hauek dira:
- Pentsio duina 1.000 eurotik gorakoa; alargun, ezkongabe eta umezurtzen pentsioak barne.
- Gizarte zerbitzu publikoak eta kalitatezkoak, aurrekontu publikoetatik finantzatuak.
- Osasun zerbitzu unibertsala, publikoa eta kalitatezkoa. Kopagoari ez.
- Zerga politika justu eta progresiboa.
Protesta baliatu dute, halaber, jubilatuak eta erretiratuak etziko greba orokorrean parte hartzera deitzeko.