Lourdes Iriondo gogoan, haren jaiotzaren urtemugan
Lourdes Iriondo abeslariaren (Donostia,1937-Urnieta,2005) jaiotzaren 75.urtemuga da gaur. Gazte-gaztetatik bihotzeko gaixotasun batek baldintzatu zuen bere bizitza eta musika ibilbidea, eta hark eragin zion heriotza, 68 urterekin.
Euskal kantagintza berriaren lehen taupadak ematen lagundu zuen Iriondok. 1964an gitarra jotzen hasi eta lagun batek eskatuta Andoaingo ikastolaren aldeko jaialdi batean kantatu zuen lehen aldiz, 1965ean. Emanaldi hartan izandako arrakastak hamaika ate zabaldu zizkion. Plaza eta antzokietan gitarra batekin eta bakarka agertzen zen emakume bakarretakoa izan zen 60ko hamarkadsko Euskal Herrian.
Ez Dok Amairu taldearen sortzailea Iriondo izan zen 60ko hamarkadan euskal kantagintza berria berpiztu zuen Ez Dok Amairu taldearen sortzailea: “Euskarazko abestiak galtzen ari zirela konturatu ginen. Aspalditik, gazte jendeak erdarazko irrati eta telebistan entzuten zituen kantak abesten zituen. Gauza honen arrazoia zein ote zen pentsatzen jarri ginen, eta iritzi batera iritsi ginen. Euskal gazteriari ez zaizkiola abesti zaharrak aski. Boga-boga ez zela aski. Gaztediak garaiko abesti berriak behar dituela. Eta honetaz konturatu ginenean, euskal abeslari guztiak batu ginen eta Ez Dok Amairu taldea sortu genuen”, azaldu zuen Iriondok 1966an egindako elkarrizketa batean.
1968an Xabier Leterekin ezkondu zen Tolosan. Bere ibilbidean, eta batez ere, bizitzako sufrimendu eta pozaldietan lagun izan zuen Lete. Azken urteetan, kantagintza erabat utzita, haurrekin aritu zen lanean, idazten eta musika egiten.
Donostiako eritegi batean eman zituen bizitzako azken egunak. Xabier Leteri, hil aurretik, honakoa eskatu zion: “Nekatuta nago eta ni banoa, Xabier. Baina zuk segi aurrera. Zer esan asko daukazu eta segi idazten, Xabier”. Hori esan eta gero itzali zen Lourdes Iriondoren ahotsa, 2005eko abenduaren 27an.