Lurdes Eraso: "Langileen aurkako eraso zuzena da; ondorio larriak, latzak, izango ditu"
Espainiako gobernuak hilabete hasieran onartutako lan erreformaren aurka sindikatuek greba orokorra deitu dute biharko.
Lau urtetan laugarren lanuztea deitu du biharko gehiengo sindikalak. Bi mobilizazio nagusi izango dira: Goizekoa, 12:30ean irtengo da Artzain Onetik; eta arratsaldekoa, aldiz, Bulebarretik, 18:00etan. LABeko ordezkari Lurdes Erasok (Egia, 1962) azaldu duenez, murrizketen aurka egin dute aurrekoetan grebetan, honekin, berriz, alternatiba aldarrikatuko dute.
Lau urtetan, lau greba. Hau zergatik?
Greba deitu dugu dekretu bidez onartu den lan erreforma salatzeko; baina, bereziki, krisia kudeatzeko hartzen ari diren erabakiak gaitzetsi nahi ditugu. Martxoaren 29a aukeratu genuen, PPren gobernuak ostiralean aurkeztuko dituelako aurrekontuak. Hor benetan ikusiko dugu zein politika gauzatzen ari diren. Besteak beste, zerbitzu publikoetara bideratutako diruan murrizketak egongo dira. Gainera, PPek Europatik inposatutako neurriak gauzatuko dituela esan du, zerbitzu publikoaren finantzazioaren erreforma egingo du, greba eskubidea mugatu nahi du…
Zerk itxi behar du bihar Donostian grebak arrakasta izateko?
Gure helburua Donostia eta Hego Euskal Herri osoa gelditzea da. Jendea ohar dadila lan erreforma oso bortitza dela, baita etorriko direnak ere. Horregatik, langileok eta herritarrok, elkarrekin eta masiboki, kalera irten behar dugu. Indarra erakusteko eguna da. Gure haserrea, bekaitza eta borrokarako prestutasuna nahiz gaitasuna erakustekoa. Lanketa berezia egiten ari gara auzoetan, greba komiteak osatuz, eta errealitate bereziak dituzten taldeekin. Sekula greba egin ez dutenek bat egitea lortu nahi dugu. Zerbitzu hiria izanik, saltoki txikiekin ere izan gara. Denda handiek lan kostuak murriztuko dituzte langileen soldaten kontura; eta txikiei kalte egingo diete. Jendea ohartu behar da egoera oso larria dela, eta hau gelditzen ez badugu okerrera egingo duela.
Zer irizten diozue lan erreformari?
Langileen aurkako eraso zuzena da; ondorio oso larriak, latzak, izango ditu, langile klase osoari eragiten diolako. Helburua ez da lanpostuak sortzea, beraiek ere onartzen baitute ez duela lanik sortuko. Kontrakoa, suntsitu egingo du, enplegu guztia prekarioagoa eginez. Otsailean, bai Donostian baita Hego Euskal Herri osoan ere, langabeziak gora egin du, eta %13ko tasan gaude. Lan kontratuak ere prekarioak dira: behin behinekoak %93,16 dira eta finkoak %6, 84an mantendu dira.
Patronalari mesede egiten al dio?
Patronalaren boterea handiagotu du ia mugarik gabe. Erreformak betiko eskakizunak oparitu dizkio: kaleratzea erraztu, soldata jaisteko aukera, hitzarmen kolektiboak ez betetzekoa… Krisia ez da lan erreformaren arrazoia, aitzakia baizik. CEOE gehiago eskatzen hasi da, langabezi saria murriztea nahi du. Patronala ez da inoiz ase.
Negoziazio kolektiboa ere indargabetu egin du, ezta?
Langileen eskubideak zapaltzeaz gain, lan eskubideak eta baldintzak enpresaburuekin negoziatzeko tresna nagusia den negoziazio kolektiboa erabat deuseztatu du. Alde bakarreko lan eredua finkatu du, lan harremanetan funtsezkoak diren elementuak patronalaren esku utziz. Zertarako negoziatu langileen ordezkariekin bere kabuz jar baditzake soldata, lanaldia, eta lan eskubideak?
Nola eragiten die emakumezkoei?
Emakumezkoak gazteekin, etorkinekin eta pentsiodunekin batera, kaltetuenetakoak gara. Jardunaldi erdiko kontratuak, esaterako. Lana eta familia bizitza batzeko mesedetan dela diote, baina azkenean, emakumezkoak soldata miserablea jasotzen du, eta zaintza nahiz etxeko lanak, berriro, bere gain gelditzen dira.
Egoera okertu besterik ez du egiten, beraz?
Hori da. Aurreko hiru lanuzteetan egoera salatu dugu, eta honetan, alternatiba jorratuko dugu. Inposaketen aurrean babesteko, lan harremanetarako euskal esparruaren premia dugu. Hori eraikitzerakoan burujabetzaren mezua ez da independentistentzat bakarrik, Euskal Herrian bizi den edonorentzat baizik. Espainiar estatutik aldentzen ez bagara, azkenean, erori egingo gara. Hego Euskal Herrian egoera ekonomiko hobea dugu, baina egoera politiko, sozial, eta sindikal desberdina dugu, eta horrek krisitik ateratzeko neurriak hartzeko aukera ematen digu. Herri bezala erantzun behar dugula uste dugu. Orain bide hori jorratzeko, erabakitzeko eta errespetatzeko garaia da.
Krisitik irteteko murrizketak baino neurri hoberik ba al da?
Murrizketek bakarrik ez gaituzte krisitik aterako. Demokrazia eta justizia soziala eskatzen dugu. Zerga sistema progresiboa, lanaren eta aberastasunaren banaketa orekatua… Langileek eta herritarrek parte hartuz. Hemen erabaki behar dugu beste eredu eta bide bat, baina irteerak elkarrekin izan behar du.
Alternatiba hori lantzeko zer proposatzen duzue?
Lanketa taldean egin behar da. Ez sindikatuek bakarrik, eragile politikoek, instituzionalek eta sozialek parte hartu behar dute. Krisitik atera eta aurrera egiteko, hitzarmena nazional baten bidez denok batera burujabetza aldarrikatu behar dugu. Horretarako, bertako eragileak inplikatu eta akordioa eraiki behar dugu, baina herritar eta langileei ere hitza emanez.