Maite Azkoaga: "Guztien ilusioa finalerdietara iristea da"
Europako Belar Hockey Txapelketako lehen fasea antolatu du Realak, eta bost aurkari izango ditu Bera Beran
Eurohockey
Abendutik partida ofizialik jokatu gabe egon ostean, sekulako maratoia iritsiko zaio Realeko belar hockey taldeari. Izan ere, atsedenaldi luzearen ostean, Espainiako Ohorezko Mailako Liga apirilean itzuliko da, eta ondoren, Kopa. Hori baino lehenago, ordea, Europako Txapelketa jokatuko dute jokalari txuri-urdinek. Bederatzi urte ziren Realak ez zuela halakorik lortzen, eta gainera, beste berezitasun bat izango du, etxean jokatuko dutela, Bera Berako zelaian bertan. «Orain arte bi jokalari bakarrik aritu ginen Realarekin Eurohockeya jokatzen; eta gogoa genuen», adierazi dio egunkari honi Maite Azkoaga kapitainak (Aiete, 1983). Apirilaren 6tik 9ra izango da lehia, eta Irutxuloko Hitza izango da babesleetako bat.
Hasieran, txapelketan lehiatuko diren talde bakar batek ez zuen bere burua aurkeztu txapelketaren lehen fasea antolatzeko. Hori dela eta, Federazioak taldeei bigarren aukera bat eman zien, txapelketa bi herrialdeetan jokatzea proposatuz. Realak Donostia aurkeztu zuen, eta onartu egin zutenez, bertan sei talde lehiatuko dira. Gainontzeko sei taldeak, berriz, Belgikan lehiatuko dira.
Donostian honakoak lehiatuko dira: Reala, Hertogenbosch (Herbeherak), Uhlenhorster (Alemania), Leicester (Ingalaterra), Atasport (Azerbayan), Izmaylovo (Errusia). Bi multzotan banatuko dituzte sei talde horiek, eta Realak Herbeeretako eta Azerbayaneko taldeen aurka jokatuko du. Ondoren, multzo bakoitzeko onenak beste multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta alderantziz; hurrengo fasera zeintzuk igaroko diren erabakitzeko. Donostiako bi irabazleak finalerdietara igaroko dira, Belgikako bi talde onenekin batera. Hala, maiatzean elkar ikusiko dute, Europako txapelduna zein izango den jakiteko. «Hertogenbosch da gogorrena, Europan bera izan baita garailea azken urteetan», gehitu du Azkoagak. Helburu gisa, «gozatzea» jarri du Realak; «guztien ilusioa finalerdietara iristea da, baina badakigu oso zaila dela».
Giroa espero dute Bera Beran, atzerriko taldeen jarraitzaile askok Donostiara etortzeko asmoa dutelako. Zale donostiarrak ere ezingo dute hutsik egin.
- Non. Aieteko Bera Berako zelaian.
- Noiz. Apirilaren 6tik 9ra.
- Sarrera. Partida guztietarako sarrera doakoa izango da.
- Telebistan. ETB Sat telebista kateak txapelketako partida botako ditu.