Donostia itxi dute langileek
Grebak ia erabateko jarraipena izan du hirian; Garbera merkataritza gunea eta Zuatzuko enpresa parkea salbuespenak izan dira
2012ko martxoaren 29a denbora luzez izango dute gogoan herritarrek eta sindikatuek. Izan ere, lan erreformaren aurka egindako greba orokorrak ia erabateko jarraipena izan du hiriko auzoetan. Dena dela, salbuespenak ere izan dira; Garbera merkataritza gunean eta Zuatzu enpresa parkean, esaterako, gehienak lanean dira. Zubietako futbol instalazioetan, aldiz, Realak lan saioa egin du.
Goizean goizetik nabaritu da ez dela ohiko eguna. Auto gutxi dabil kalean eta, grebaren zurrunbilotik ihesi nahian, hainbat donostiar ikusi ahal dira korrika edo txirrinda gainean. Horien alboan, gaurkoa jaieguna baino protesta eguna delako, milaka langile atera dira kalera. Pikete informatiboak, manifestariak, herritar suminduak… lantokiaren aurrean, edo sindikatuek deitutako protestetan, langileen ahotsa kalean ozen entzun da.
Udalak eta Aldundiak, bat Erdialdean eta Amaran, denda gune nagusia itxita dago ia erabat. Artzain Onaren inguruko kafetegiek ez dute ireki, eta Koldo Mitxelena liburutegiak ezta ere. San Martin merkataritza gunea, auzoko kaleak bezala, erdi hutsik dago. Bakarrik bi dendek ireki dituzte ateak: Fnac eta Bershka. Askatasunaren hiribideko banketxe gehienak, aldiz, zabalik daude, nahiz eta pertsiana jaitsita izan.
Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin dute grebarekin. Ondorioz, gutxieneko zerbitzuak besterik ez dituzte eman. Udaletxeko harrerako zerbitzuetan lau udaltzain egon dira. «Ia inor ez da etorri. Istilurik ez dugu izan. Lehen orduan pikete bat etorri da; baina besterik gabe joan dira», azaldu dute.
Egoera antzekoa izan da Aldundiaren Jauregian. «Ez da gorabeherarik izan goizean zehar. Behar-beharrezko zerbitzua ematen ari gara, eta oso jende gutxi etortzen ari da», adierazi zuen bertako segurtasun langileak.
Udala eta Aldundiarekin batera, Donostia Ospitalea hirian langile gehien biltzen dituen gunea da. Grebak eragina izan du bertako jardunean. «Nabarmena da eragina, erabiltzaileen jarioa txikiagoa delako», azaldu du ospitaleko langile batek. Parte Zaharrean, ez turistek ezta bertakoek ez dute pintxorik jan edo kaferik hartzeko aukerarik izan. Auzoa erabat itxita dago.
Egian antzeko egoera bizi dute. Osasun etxea eta Udaleko Musika eta Dantza Eskola irekita daude, baina gutxieneko zerbitzuekin. Banketxeek pertsiana jaitsita dute.
Grosen ere grebak arrakasta izan du. Auzo honetan margo horia bota dute Banco Santander banketxearen aurka. Bestalde, manifestarien zutabea pasa bezain pronto, Groseko denda batzuek pertsiana altxatu dute. Irekita diren tabernak, gutxi izanagatik, lepo izan dira.
Antiguan, pikete informatiboek Ertzaintza izan dute atzetik goizean. Ertzaintza ere Ibaetako EHUko campusean izan zen, ikasleak fakultateen atarietan elkartu dira-eta. Unibertsitatearen jarduera eten egin dute.
Rezolako atea, kateatuta Añorgan, grebak ere ia erabateko jarraipena izan du. Denda guztiak itxita daude eta Cementos Rezola eta Firestone bezalako enpresa handiak geldirik daude. Goizeko lehen orduan, langileek katea jarri duten Añorgako Cementos Rezola lantegiaren atean.
Intxaurrondon, kotxeratan langileak egunak argitu aurretik bildu dira. Ertzaintzaren laguntzarekin, zenbait autobus irten dira; gutxieneko zerbitzuetakoak, hain justu.
Garbera merkataritza gunean, berriz, grebak ez du horrenbesteko eraginik izan. Eroski supermerkatua itxita dagoen arren, Aki brikolaje dendan lanean ari dira, baita taberna eta denda gehienetan ere: H&M, Promod, Tello, Time Road, Gocco, Imaginarium, Game Stop, Bershka, Media Market, Forum… Lagun gutxi batzuk hurbildu dira merkataritza gunera, eta bertan erosten eta jaten ari dira.
Loiolan, ile apaindegiak, supermerkatuak, tabernak, okindegiak, burdindegia, botika… Guztiak itxita daude. Euskotreneko topo geltokiaren inguruko lanak ere geldirik daude, Aieten abian diren zenbait obra bezala. Hori bai, Loiolan, La Salle ikastetxeko ikasle asko patioan jolasten ari ziren, irakasleen begiradapean. Txomin Enean, botika eta osasun etxea ireki egin dituzte, baina lan gutxi dute.
27 poligonoa, geldirik Martutenen, dena itxita dago: Arantzazuko Ama ikastola, supermerkatua, gasolindegia,tabernak, botika eta denda txiki guztiak. Banketxe batean bakarrik aritu dira lanean. 27 poligonoari dagokionez, hemen ere bat egin dute grebarekin. Lanuztea egitea ez ezik, manifestazioa ere egin dute bertako langileek.
Hiriko beste zenbait enpresa gunetan ere jarraipena izan du grebak. Igaran, enpresa gehienak itxita daude, baina badira irekita daudenak ere, nahiz eta horietako batzuk pertsianak jaitsita izan. Miramongo teknologia parkean ohi baino mugimendu gutxiago egon da; aparkalekuak nahiko hutsik daude. Belartzan langileek eta piketeek enpresa gunea zeharkatu dute. Zuatzun, ordea, grebak ez du jarraipen gehiegirik izan. Eguneko salbuespenetako bat izan da.
Reala eta Sanse ere izan dira salbuespena, Zubietan egin baitute lan saioa, ateak itxita. Hori bai, Zubieta XXI kirol guneko langileek greba egin dute. Altzan eta Herreran, osasun etxea eta botika zabalik daude, baina denda, taberna eta tailer gehienak itxita daude.