Bidebietako institutuko ikasleek postreen dastatzea gozatu dute. (Argazkia: Mikel Goñi)
Bidebietako institutuan 8. Postre dastatzea gauzatu dute gaur. 14 herrialdetako ehunetik gora azkenburuko ezberdin probatzeko aukera izan dute hezkuntza zentroko ikasleek eta irakasleek.
Itziar Ansa irakasleak azaldu duenez, ekimenak hainbat gauzatarako balio du. Jai giroa ematen dio bigarren hiruhilekoaren bukaerari, ikasketa zentroan dagoen aniztasuna nabarmentzen du, eta familien parte hartzea lortzen du. “Kasu gehienetan ikasleek ekartzen duten postrea egiten familiek lagundu dute”.
Institutuko ikasle guztiei ematen zaie Postre dastatzera zerbait eramateko aukera. Dena den, Ansak zehaztu du; “Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak dira ekartzen dutenak”. Azkenburukoak bilduta, ekartzeko gonbitea onartu dutenek besteak probatzeko aukera izaten dute. Ez da hau beraiek duten abantaila bakarra, ekainaren hasieran ikasle hauek Txuri Urdin Izotz Jauregira joango baitira.
Ikasle
sukaldariek postreak dastatu eta gero, gainontzeko ikasleei ematen zaie aukera ikaskideen lanaz gozatzeko. “Oso ondo hartzen dute, eta oso lasai. Hau egiten den zortzigarren urtea da, eta soberan dagoela ikasi dute”.
Kolonbia, Txina, Errumania, Galizia… guztira 14 bat herrialdetako gastronomia gozoaren ehun bat lagin zeuden dastalekuan. Anana brotxetak, torrijak, Santiago tarta, arroz esnea, arrautza-ogia… Ikasleek ederki asko baliatu dute bidaia gastronomikoa, eta ez da probatu gabe gelditu den platerik izan.