Maria Cristina hotelaren barrenak
Bost izarren arrastoa galdu du Maria Cristina hotelak, eraldaketa prozesuan murgildurik baitago. Uztailean, ordea, distiratsu irekiko ditu ateak berriz. Inaugurazio eguna zehaztu gabe duten arren, hotel eraberrituaz gozatu nahi dutenek uztailaren 16tik aurrera gela hartzeko has daitezke erreserba egiten. Hoteleko zuzendariak, Michel Naderrek, orain arte, «eskaera asko» jaso dituztela ziurtatu du.
Bezeroek goitik behera eraldatutako hotela topatuko dute. 139 gela ditu eta bestelako itxura izango dute. Halere, ehun urteotan izan duen “itxura klasikoa” mantenduko duela adierazi du Asier Anacabe obra zuzendariak. Begibistakoa klasikoa izango da baina gainontzeko guztia berria eta modernoa izango da. “Dekorazioa, altzariak, lurra eta barne azpiegitura aldatuko dugu”. Indarrean dauden araudietara egokituko dute hotela.
Maiatza bukaerarako obra nagusia bukatuta egotea aurreikusi dute. Ekainean, altzariz hornituko dute eta uztailean zabaldu. Hotelak mendeurrena beteko du hilabete horretan eta herritarrekin ospatu nahi dute urteurren berezia. Jaiaren xehetasunik ez dute eman, ordea.