Donostiako ertzain etxean gomazko piloten erabilera eten egin dute behin behinean
Larunbatean Donostiako ertzain etxeko zortzi kartutxotan bolbora gehiegi atzeman ostean, Ertzaintzak gomazko piloten erabilera behin-behinean eten egin du, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur esan duenez.
Donostiako ertzain etxean egin dute aurkikuntza, Iñigo Cabacas ertzainen pilotakada batek hil ondorengo azterketetan, Herrizaingo Sailaren arabera. Bilbokoan ez dute anomaliarik topatu, eta han ez dute eten erabilera. Azterketa gehiago egingo dituzte aste honetan.
Donostiako ertzain etxean gehiegizko bolbora atzeman ostean, egun berean Bilboko materiala aztertu zutela esan du iturri hark, baina ez dutela “anomaliarik” aurkitu eta hango erabilera ez dutela eten. Hala ere, zehaztu du Cabacas zauritu zuteneko kartutxoak ez dituztela aztertu, Justiziaren zaintzapean daudelako. Beste ertzain etxeetako kartutxoak aste honetan aztertuko dituzte.