Urtea hasi zenetik 1.179 langabe gehiago daude Donostian
Urtearekin batera hasi zuen gorazko joerari eutsi dio langabeziak martxoan. Lehen hiruhilekoan 1.179 langabe berri zenbatu dituzte hirian.
Espainiako Lan Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, martxoa 10. 985 langaberekin amaitu zen Donostian. Hau da, joan den hilabetean 136 donostiarrek galdu dute beraien lanpostua. Urtea hasi zenetik joera negatiboa izan du langabeziak, eta lehen hiruhilekoan, orotara, 1.179 langabe berri daude.
Altza da, beste behin, langabe gehien dituen auzoa. Guztira, 1.743 dira, otsailean baino 5 gehiago. Igoera handiena izan dutenen artean, berriz, Amara Berri eta Intxaurrondo. Azken hilabetean, 36 eta 35 auzotarrek lana galdu dute bertan, hurrenez hurren. Kontrako joera izan da, ordea, Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldo eta Parte Zaharra auzoetan. Hauetan behera egin du langabe kopuruak. Hurrenez hurren, auzootako 28 eta 23 lagunek aurkitu baitute lana. Bidebietan, berriz, kopurua bere horretan mantendu da hirugarrengoz. Bertan, 532 langabe daude.
Bihar, papereko edizioan hiriko langabeziaren datuei buruzko informazio zabalagoa emango du IRUTXULOKO HITZAk.


