Ezker Abertzalea: "Berak hogei urtetan egin ez zuena egiteko eskatzen dio orain Odon Elorzak Donostiako Udal Gobernuari"
Ezker abertzalearen ustez, Odon Elorzak ez du zilegitasun politikorik Madrileko kargutik, Donostian zer egin behar duten esaten aritzeko: “Berak hogei urtetan egin ez zuena egiteko eskatzen dio orain Donostiako Udal Gobernuari”. Elorza hainbat aurrekontu, proiektu eta esleipenen inguruan hitz egiten hasi dela, baina Illunbeko zuloaren inguruan azalpenak emateko aukera galdu duela dio Ezker Abertzaleak: “Hor bai galdu dugula dirua Donostiarrok. Harrigarria da, oraindik ere, halako adierazpenak egiteko lotsarik ere ez izatea Odon jaunak”. Ezker Abertzaleak honezkero Elorzak bere garaia igaro dela onartu behar duela uste du: “Haize berriak jotzen du Donostian. Politika egiteko beste modu bat da gaur egunean Donostiako Udaletik garatzen dena eta beste helburu eta eredu baten eraikuntzan egiten da lan bertatik. Geldirik dago, bai, hormigoia eta espekulazioaren Donostia, ezkutuko interesen udal politika… Baina Donostia ez dago geldi, inoiz baino biziago baizik. Eta Donostiak behar dituen azpiegitura eta proiektuak ezerk geldiarazten baditu, Ernesto Gascok lideratzen duen oposizio eredu suntsitzailea da. ‘Guztiari ez’, horixe da egun Donostiako Udalean PSE-k garatzen duen proiektu politikoa”. Udal proiektu ororekiko daraman jarrera suntsikorra albora dezala, eta behingoz donostiarren beharrei begirako ekarpen politikoak egiten has dadila eskatu dio PSE-EEri.