Kontsumo jasangarria sustatzeko topaketa egingo dute San Telmo Museoan
Hainbat elkarte eta GKE kontsumo eredu berri bat sustatzeko batu, eta Saretuz egitasmoa sortu dute. “Jasangarria ez den egungo kontsumo ereduaren aurrean, batu eta kontsumo kontziente eta arduratsua sustatu nahi dugu”, azaldu du Mugarik Gabe taldeko Xabier Martinezek. Ekimena aurkeztu eta donostiarrek aurrera eraman ditzaketen alternatiben berri emateko topaketa antolatu dute. Elkarteei nahiz herritarrei zuzenduta, San Telmo Museoan elkartuko dira ostiral arratsaldean eta larunbat goizean “modu jasangarriagoan bizitzeko ideak eta kontu praktikoak” proposatuko dituzte.